Maria Ubarretxena Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide eta Azpiegituretako diputatuak otsailaren hasieran jakinarazi zuen Kanpazar gaina zeharkatuko duen 830 metroko tunel bat izango dela Arrasate eta Elorrio lotuko dituen errepide berriaren "giltzarria", alboan zuela Imanol Pradales, Bizkaiko Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako diputatua baitzen ordu hartan; haien arabera, bi lurraldeen arteko proiektu bat bada ere, "herri proiektu bat" da eta, era berean, baita "ilusionagarria" ere.
6.197.429 euro zehaztu dituzte, zehazki, eraikuntza-proiektuaren idazketarako, eta adierazi dute 42 hilabeteko gauzatze-epea izango duela. Obra osoaren kostu zehatza zenbatekoa den, berriz, ez da jakinekoa, baina otsailean azaldu zutenez, 120 milioi eurokoa izatea aurreikusten da, eta, horrez gain, 2031rako erabilgarri egotea.