Jokin Bereziartua Yoko-k, Jon Nevadok, Liher Larrañagak, Martxel Lopetegik eta Asier Salak osatzen dute Garratz taldea. 2022ko udazkenean abiatutako proiektua da, ondo pasatzeko helburuarekin. Haien esanetan, "taldea oso modu naturalean sortu da; musikaz gozatu nahi duten bost lagun elkartu gara, bestelako pretentsiorik gabe. Dublingo barra abestiak kontatzen du nola hasi zen dena. Arrasateko taberna berezi horretan ia kasualitatez elkartu gara zenbait alditan, eta The Pogues handien abestiak entzuten ari ginela hasi ginen proiektu berria eratzen. Hortik gure erreferenteetako bat den Shane McGowani egindako keinua; McGowan hilzorian zela idatzi genuen".
Euskara hutsean, autoekoiztuta
Taldekideek azpimarratu dutenez, edan duten iturrietatik sortzen dute musika, eta "hautu politikoa" da abestiak %100ean euskaraz izatea. Ekarpen berririk egitea ez dela erraza gaineratu dute: "Dena dago asmatuta. Guk ekarpena egin baino gehiago, taldeak egiten digu ekarpena, eta hori baloratzen ikasi dugu. Punk-rocka euskaraz egitea da gure nahia, eta horrekin disfrutatzea".
"Hautu politikoa" da abestiak %100ean euskaraz izatea
Diskoa grabatzeko, berriz, autoekoizpenaren alde egin dute. "Autogestioak ematen dizkizun abantailen artean badago askatasuna, nahi duzuna eta nahi duzun moduan, nahi duzunarekin eta nahi duzun denboretan egiteko aukera. Baina badago txanponaren beste aldea ere; adibidez, ez duzula kontzertuak lotzeko sarerik. Eta badira beste hainbat eginbehar… Eskerrak Kataluniako Tropical Riot zigiluak lagundu egin digula banaketa digitalarekin eta beste hainbat konturekin".
Entseguetan buru-belarri
Duela sei hilabete atera zituzten lehen abestiak, orain diskoa, eta bihar lehenengo zuzenekoa izango dute. Horrekin batera, badituzte beste data batzuk zehaztuta, irailera arte. Maiatzaren 11n Musakolako jaietan egongo dira eta ekainaren 1ean Altsasuko Elkar Mugi jaialdian. "Ibilbidea oraindik ez dugu hasi, bihar emango dugu-eta lehen kontzertua. Oraingoz, ke birtuala gara, sare sozialetan bakarrik egin dugu zarata; kar-kar. Egia da denbora laburrean hamalau abesti argitaratu ditugula EPa eta LPa kontuan hartuta, eta ordu asko sartu ditugu abestiak sortzen, fintzen eta ondoren grabatzen. Bide malkartsua bezain ederra izan da. Zuzenekoetarako entseguekin ari gara orain buru-belarri; baina estres handirik ez, ondo pasatzera gatoz".
"Ke birtuala" direla diote, sare sozialetan bakarrik egin dutelako zarata
Sortze-prozesuaren gainean galdetuta, honela erantzun dute: "Musika sortzerakoan, hasierako eskeletoa nahiko bizkor ateratzen zaigu. Sala, Martxel eta Liher dira musika sortzeaz arduratzen direnak; Nevado bateria-erritmoak moldatzeaz arduratzen da; eta hitzez, azkenik, Liher eta Yoko, bereziki. Hitzei musikari baino buelta baino gehiago eman dizkiegu, baina erotu gabe. Jakin egin behar da abestiak amaitutzat ematen, eta, askotan, ez da erraza izaten. Hitz gehienek taldekideon bizipenak dituzte oinarrian, baina badira bestelako gaiak: eskuin muturraren loraldia, pantailen diktadura, euskara…".
Eskarmentu handikoak
Ibilbide luzeko musikariek osatzen dute Garratz. Izan ere, taldeko bost kideetatik lauk 20 urte inguruko ibilbidea dute, eta hainbat taldetan ibiliak dira. Gaur egun, oraindik martxan daude horietako hiru proiektu: The Potes, Aggresive Combat eta Zeker, hain zuzen. "Nondik gatozen ahaztu gabe, etorkizun berri batean dugu jarrita arreta".