Ibai-artek antolatutako lehen Ardo Eguna izango da bihar, zapatua, egingo dutena. Duela urte batzuk, Ardo eta Gazta Eguna egiten zuen Mondrak, baina biharkoa desberdina izango da, Ibai-arteko kide Jon Apraizen esanetan: "Euskal Herriko zazpi ardo mota aukeratu ditugu, ezezagunak eta bereziak; egiteko moduagatik, edizio mugatua dutelako edo dena delakoagatik". Aukeratu dituzten ardoekin "oso pozik" daudela onartu du. "Denetik dugu. Besteak beste, xanpainaren elaborazioa duen txakolin bat, txakolin beltz bat eta mazerazio karbonikoa duen ardo bat", adierazi du. Horrez gain, sorpresa bat egongo dela ere nabarmendu du.
Eserita egingo dute dastatzea, mahaiekin, eta, ondorioz, plazak mugatuak izango dira. "Gutxi gorabehera, 100 pertsonarendako egitea aurreikusi dugu, baina, aukera egonez gero, jende gehiagorendako lekua ere egingo dugu", azaldu du Apraizek.
Honako zazpi ardo mota hauek dastatuko dituzte:
• Bat Gara (Araba).
• Izar-Leku (Gipuzkoa).
• Lapazaran (Bizkaia).
• Gloria, Ostatu (Arabako Errioxa).
• Viñegra (Arabako Errioxa).
• Irouleguy Ilarria (Nafarroa Beherea).
• Rochapel (Nafarroa).
Goi mailako bi sommelier
Maider Larrañaga eta Jon Andoni Rementeria sommelierrak gonbidatu dituzte, eta, ardoak zerbitzatzeaz gain, ardo bakoitzaren historia, anekdotak eta berezitasunak nabarmenduko dituzte. "Gure lana izango da azalpenak ematea eta saioa dinamikoa izatea, jendea ez dadin aspertu", dio Rementeriak, eta Larrañagak gaineratu du "jendeak ondo pasatzea" izango dela helburua. "Ardoei buruz zerbait ikastearekin batera, goiz polita pasatuko dugu".
Dastatzearen berezitasun nagusia, Rementeriaren esanetan, hauxe da: "Ardo guztiak Euskal Herrikoak eta ezohikoak dira. Gainera, istorio politak dituzte eta egiteko moduak ere ezberdinak dira, bakoitza bere ezaugarriekin. Esaterako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txakolinak dastatu ahal izango ditugu, eta interesgarria da, halaber, Bizkaiko ardo beltza, hamabi hilabetez barriketan egon dena".
Zapatuan dastatuko dituzten txakolinek, era berean, ez dituzte herritarrek espero dituzten "ahoko zein sudurreko notak", Larrañagaren esanetan: "Txakolin bat eskatzean espero ez ditugun ezaugarriak aurkituko ditugu txakolin horietan". Rementeriak gaineratu du txakolina asko ari dela hobetzen: "Kontuan hartu behar da txakolin zaharrena Getariakoa dela, 1989an sortua. Edari moduan oso gaztea da oraindik".
Tabernetan pintxo bereziak
Dastatzearekin batera, ardo eta pintxo bereziekin egindako poteoa egongo da honako taberna hauetan: Iamai, Nahi, Irati, Kajoi, Itzala, Buenuena eta Ezkiña. "Haiek erabakitzen dituzten ardo eta pintxoekin pintxo-pote berezi bat egitea da asmoa. Normalean edan eta jaten ez diren gauzak izango dituzte".