Liburuaren Egunarekin lotuta dator apirila

Julen Murua Mesonero 2024ko mar. 27a, 09:47
Elorrieta eta Astiz, 'Enplego zoriontsuago bat' emanaldia egiten. Argazkia: Enplego zoriontsuago bat

Apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguna da, eta, hori ospatzeko asmoz, Arrasateko Udal Bibliotekak zenbait ekintza antolatu ditu. Egitarauan adin guztietako pertsonei zuzendutako ekintzak daude eta musikak ere izango du tokia.

Liburuaren Nazioarteko Eguna –apirilaren 23a– iristeko hilabete baino gutxiago falta da, eta Arrasateko Udal Bibliotekak, urteroko legez, egun horren bueltako egitaraua iragarri du. Alabaina, egitaraua ez da soilik apirilaren 23an oinarrituta egongo, eta hilabetean zehar beste ekintza pare bat ere iragarri dituzte antolatzaileek: "Liburuaren Eguneko egitaraua anitza izatea nahi izan dugu, eta bertako artistei lekua ematea. Hiru jarduera ditugu: bat helduei zuzendua, beste bat familiei eta hirugarrena haurrei".

Hiru ekintzak osatuko dute Liburuaren Eguneko egitaraua; musikak ere izango du tokia

Musika erdigunean

Hiru ekintzak osatuko dute egitaraua, eta horien artean "bi ikuskizun berezi" izango dituztela eta bietan musika izango dela protagonista iragarri dute antolatzaileek, "liburua eta literatura beste diziplina batzuekin aurkeztea aberasgarria" dela iritzita. Musika erdigunean izango duten bi ekintza horietatik lehenengoa apirilaren 10ean egingo da, Kulturaten, arratsaldeko zazpietan. Eñaut Elorrieta eta Iñigo Astiz izango dira bertan eta Enplego zoriontsuago bat irakurraldi musikatua eskainiko diete bertaratuei. Adinez nagusiak direnentzat zuzendutako emanaldia da eta sarrera doakoa izango da. Gabriel Arestiren poesiak izango dituzte helduleku Elorrietak eta Astizek; izan ere, haien lanaren sinopsian diote "hamaika bider" irakurri direla haren poemak: "Eta hain dira ezagunak eta ikusiak haren testu eta abesti batzuk, ezen, tarteka, jadanik ez baitugun zer esaten duten ikusten ere". Liburuaren Egunean izango du tokia egitarauko bigarren ekintzak. Bertan, Vanessa Gonzalezek Kukuak kontu ipuin kontaketa egingo du, 18:00etan hasita, Santa Marinako auzo bibliotekan, eta 5 urtetik gorako neska-mutilentzat egongo da zuzenduta emanaldia. Bertaratzeko aurrez izena eman beharko dela iragarri dute Udal Bibliotekatik.

Musikarekin lotura izango duen bigarren ekintza apirilaren 26an izango da, arratsaldeko seietan hasita, Kulturaten –egitarauko azken emanaldia izango da–. Bertan, Euskelelea ikuskizun musikala eskainiko dute 4 urtetik gorako neska-mutilentzat Euskal Barrokensemble taldeak eta Goikobalu Txiki abesbatzak. Antolatzaileek iragarri dute emanaldira joan ahal izateko, kasu horretan ere, aurrez eman beharko dela izena, "bibliotekaren edo Udalaren webgunearen bitartez edo bibliotekara joanda".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak