Mar Cambrollé: "Lehen, neska gazte transen patua kale-izkinak ziren; gaur egun, unibertsitateetan dago gehiengo zabala"

Txomin Madina Milikua 2024ko mar. 24a, 17:47

LGTBI eta trans kolektiboen eskubideen aldeko aktibista Arrasaten egon berri da Podemos-Ahal Duguk gonbidatuta. Kolektibo horien eskubideen bilakaera positiboa izan dela adierazi du, baina gaineratu oraindik ere badagoela zer egin.

Arrasateko Podemos-Ahal Duguk gonbidatuta, hitzaldia eman zuen egubakoitz iluntzean Kulturaten Mar Cambrollé aktibistak. Jaiotzez andaluziarra, 17 urterekin hasi zen LGTBI kolektiboaren eta pertsona transgeneroen eskubideen aldeko borrokan, eta arlo horietan ordutik egon de bilakaera izan zuen hizpide Arrasaten, baita gaur egungo egoera ere.

Bilakaera bera "nahiko positiboa" izan dela dio Cambrollék eta hori, gerra kultural baten ondorioa izan dela: "Badago oso esanguratsua den zerbait: lehen, neska gazte transen patua kale-izkinak ziren; gaur egun, unibertsitateetan daude gehiengoa. Orain eskubide horiek babesten dituen lege bat dugu, eskubide horiek mundu guztiarentzat bermatzen dituena".

Trans Legearen bueltako polemikak

Trans Legeak landu bitartean zein onartu eta gero piztu dituen polemikei buruz, dio horien atzean ultraeskuineko sektoreen eta "progresismo faltsu" baten aldetik "kanpaina kriminal" bat egon dela, trans pertsonengan eragin handia izan duena: "2019tik legea onartu bitartean, jasandako erosak igo egin ziren. Gorroto diskurtsoak gerora gauzatu egiten diren erasoen aurrekaria dira".

"Kanpaina kriminal" horretarako arrazoien inguruan, adierazten du ultraeskuinaren partetik, eskubideen negazionismoan oinarritutako ideologia dagoela. Botere politikoen arteko borroka ere aipatzen du: "Alderdi Sozialistak defendatu izan duen feminismoa atzean geratu da. 2018an eklosio bat egon zen; feminismoak, erakundeetatik eta akademiatik ihes egin eta emakume guztiak zeharkatu zituen. Eta kontrolatzen ez duten mugimendu feminista bat egoteak beldurtu egiten ditu". "Emakumeen eta LGTBI kolektiboaren aldeko politikarik garrantzitsuenak egin dituen Berdintasun Ministerioarekiko jeloskortasuna ere badago", dio Cambrollék.

Lortu beharreko guztia lortuta dagoen galdetuta, ezetz dio aktibista andaluziarrak: "Orain Trans Legea inplementatu egin behar dugu eta gizarte eragile moduan, ez gara geratuko legea enplegurako politika publikoetan gauzatu arte; ekimen konkretuak nahi ditugu: enpresa pribatuetan pizgarriak jarri; lan-kuoten erreserbak;  trans ekintzaileak sustatu; sare sozialetan gorroto diskurtsoak moztu…".

Arrasateko Podemos-Ahal Duguko Eva Abuinek, bere aldetik, trans kolektiboaren "erresistentzia" azpimarratu zuen Cambrolléren hitzaldiaren ostean: "Denok ezagutzen genuen bere diskurtso potentea eta Arrasatera ekartzeko aukera zabaldu zenean, ez genuen zalantzarik egin. Kontatu digu trans kolektiboak nolako zailtasunak izan dituen gizartean bizirauteko. Erresistentzia handia duen kolektiboa da, berak azaldu bezala, LGTBI kolektiboaren barruan ere baztertuak izan direlako".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak