Ahozkotasunaren balioa, goroldio ez bilakatzeko

Xabier Urtzelai 2024ko mar. 22a, 11:45

May Gorostiaga eta Juan Kruz Igerabide, eguaztenean, kulunkarietan.

Eguaztena, martxoak 20, egun berezia izan zen euskal kontalariendako, Ahozkotasunaren Nazioarteko Eguna ospatu zuten. Juan Kruz Igerabidek kontatutako 'Tradiziotik' izeneko ipuin batekin hasi zuten Kulturateko ekitaldia.

Eguaztenean euskal kontalarien ekitaldia hasi baino minutu batzuk lehenago botatako lau euri tantak ez ziren nahikoa izan Arrasateko Kulturate kanpoaldean prestatuta zeukaten jaialditxoa zapuzteko. Arrasateko Udal Bibliotekak antolatuta, Ahozkotasunaren Nazioarteko Eguneko ekitaldia egin zuten, Ahoz Aho jaialdiaren baitan, eta, hain zuzen, ekitaldia aurkezteko ardura izan zuen May Gorostiagak esker oneko berbak izan zituen Udal Bibliotekako langileendako: "Euskal Herrian dozena erdi bat leku kuttun izango ditugu; etxean gaudela sentitzen dugu leku horietan, gure ekimenak beti babesten dituzte, eta hau da horietako bat".

Mezu irakurketa

Gorostiagak azaldu zuen iazko ekitaldian Itziar Zubizarretari eskatu ziotela aldarri bat idazteko eta jendaurrean irakurtzeko. "Eta mezu hark komunikabideetan oihartzun polita izan zuenez, aurten ere beste horrenbeste egitea erabaki dugu". Hala, oraingoan ipuin kontalarien "maisuak" izan du aldarria idazteko eta irakurtzeko ardura, Juan Kruz Igerabide Sarasolak, eta, ahozkotasuna ardatz hartuta, Tradiziotik izeneko testua irakurri zuen.

Sehaska kantak, Kanadatik

Ekitaldiko berezitasuna, baina, amaieran etorri zen. Kanadako Berceurs Du Temps konpainiako Ilya Krouglikov eta Madeleine Guastavino aurkeztu zituzten, eta eurek eman zuten esku artean duten proiektuaren berri. Instalazio poetiko-artistikoa egin zuten: egurrezko kulunkari batzuk jarri zituzten kalean bertan, mantekin bertan eserita goxo egoteko, eta kulunkari horietako bakoitzak atzealdean bozgorailu txikiak zituen. Hala, ekitaldira bertaratu zirenek, amaieran, kulunkari horietan 83 hizkuntzatan grabatutako sehaska-kantak entzun ahal izan zituzten –2.000tik gora grabatu dituzte–. Begiak itxi, eta kantez gozatu. "Eta egun hauetan ibili gara proiektu honetarako lehenengoz euskarazko sehaska-kantak grabatzen", adierazi zuen Ilya Krouglikovek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak