Arrasateko Udaleko Hirigintza Saileko teknikariek diagnostiko eta esku-hartze txostena prestatu dute eta, horren arabera, hedatuta daude material erorketei lotutako kalteak frontoiaren ezker paretan, luzera osoan eta lurretik hasi eta gutxi gorabehera zazpi metrotako garaierara arte. "Eroritakoa paretaren hormigoia da, pintura eta guzti; ondorioz, ikusgai geratu dira hainbat puntutan barruko armadurak, zeintzuk herdoilduta dauden eta hormigoizko gaineztatzea txikiegia duten", diote Gobernutik. Frontisean eta sabaian, ordea, ez dago horrelako arazorik.
Frontoiaren erabilera segurua bermatzeko, beraz, erortzear egon daitezkeen pareta zatiak pikatu eta kentzen ari dira udal langileak eta ondoren etorriko dira konponketa lanak. "Paretan geratuko diren zuloak ez dira arriskutsuak izango, baina frontoiaren erabilera baldintzatuko dute. Beraz, ezingo da pilotan, frontenisean edo palan jokatu, baina beste kirol mota batzuk egiten dituzten klubek erabili ahal izango dute, hala nola, Mondratek, Arrasate Atletiko Taldeak edo Leintz Eskola Kirolak".