Aste honetan egingo dituzten neurketen helburua da herrian dabiltzan ibilgailu kopurua zenbatzea. Horretarako, neurgailu finkoak jarriko dituzte herriguneko bost sarrera nagusietan, sartzen eta ateratzen den ibilgailu kopurua kontatzeko. Halaber, neurgailu mugikorrak ere erabiliko dituzte, 22 puntutan. "Horien bidez, ibilgailu motordunez gain, motorrik gabekoen kopuruak ere neurtu ahal izango ditugu eta darabilten abiadura ezagutuko dugu", azaldu dute Gobernutik.
Neurketa horiek, Gobernuaren esanetan, Mugikortasun Plana eguneratzeko balioko dute. "Planak trafikoaren ohiturak ezagutzeko balioko du, eta hartu beharreko neurriak proposatuko ditu horien oinarrian". Horrekin batera, Udaltzaingoarekin eta Udaleko teknikariekin ere hainbat elkarrizketa egingo dituzte, "beharrak identifikatu eta gaia zehar-lerroan lantzeko".
Prozesu guztiak sei hilabete iraungo du eta, beraz, Mugikortasun Plan berria urte amaierarako prest izatea aurreikusten dute. Intra enpresak izango du plana eguneratzeko ardura.