Komediatik bezainbeste gizatasunetik duen antzezlana

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mar. 14a, 20:15

Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga, 'Almazenean' lana antzezten. (Argazkia: Txalo Produkzioak).

David Desola idazle kataluniarraren nobela oholtza gainera eramanda, 'Almazenean' antzezlana eskainiko dute domekan Iker Galartzak eta Zuhaitz Gurrutxagak Amaia antzokian, 19:30ean. Sarrerak udal webgunean eros daitezke, hamar eurotan –gutxi geratzen dira–.

Txalo Produkzioek ondutako antzezlana da, aurtengo urtarrilean estreinatu dutena, eta dagoeneko 25 funtzio baino gehiago egin dituzte. "Antzezlan freskoa da, baina dagoeneko egonkortuta dagoena. Hasierako urduritasunak eta hasierek eskatzen dituzten aldaketatxoak eginda gatoz Arrasatera, momentu ezin hobean", adierazi du Iker Galartza aktoreak.

Emanaldi kopuru handiak lagundu du, hain zuzen, antzezlana egonkortzen. "Askotan, hainbat gauza zuzendu gura dituzu, baina hurrengo emanaldira arte hiru aste pasatzen dira eta ordurako ahaztu egiten zaizkizu. Kasu honetan, Hondarribian estreinatu genuenetik, asteburu bakoitzean hiru emanaldi izaten ari gara. Horrek laguntzen du antzezlana bizirik mantentzen".

Gainera, harrera oso ona izaten ari direla azpimarratu du. "Bagenuen beldur puntu bat. Izan ere, normalean komedia hutsa egiteko joera izaten dugu, jendeak barre egin dezan eta kito. Hala ere, oraingo honetan zerbait ezberdina egin gura genuen eta apustu garrantzitsua zen guretzako. Komedia egiten dugu, baina istorio gordin bat kontatuz. Beraz, aretoak bete eta jendearen iritzi positiboak entzunda, konturatu gara asmatu dugula", dio Galartzak.

Komedia hutsa baino gehiago

David Desola idazle kataluniarraren Almacenados nobelan oinarritutako antzezlana da, bi langile aurrez aurre jartzen dituena. "Batetik, gaixotasun baten ondorioz erretiro aurreratua hartzekotan dagoen langilea. Bestetik, hura ordezkatuko duen langile gaztea. Lehenak bost egun dauzka bigarrenari azaltzeko almazeneko funtzionamendua nolakoa den eta zein den haren lana. Izan ere, langile gaztea arduradun izatera pasako da segituan", azaldu du Galartzak.

Lanari buruz ez du gehiago aurreratu gura izan. "Behin, lagun batek esan zidan emazteak bera baino hobeto pasatu zuela, ezer jakin gabe joan zelako. Beraz, esan dezakedana da jendeak une atsegin bat pasako duela eta barre egingo duela". Esan moduan, ordea, guztia ez dira algarak izango. "Gizatasuna, pertsonen arteko tratua, pazientzia, gordintasuna... elementu asko batzen dituen lana da. Jende gazteak begi batzuekin ikusiko du eta erretiroa hartuta dutenek, beste begi batzuekin. Garaiak aldatu egiten diren moduan, gauzak ikusteko perspektibak ere aldatu egiten dira adinaren arabera".

Galartzak dio aurrez beste testu bat proposatu zietela eta barre apur bat egin zutela. "Baina ez zen guk nahi genuena. Nolabait, zen barre egitea barre egiteagatik. Zuhaitz eta biok Lehendakarigaia egitetik gentozen eta ez genuen nahi haren bigarren zati bat planteatzerik, publikoa konparaketara eramaterik. Beraz, zerbait desberdina bilatzen genuen, eta domekan ikusiko duzuen horren aldeko apustua egin genuen, azkenean".

Halaber, Zuhaitz Gurrutxagarekin lan egitea plazera dela adierazi du: "Oso mutil azkarra da, eta oholtza gainean segurtasun eta konfiantza handia transmititzen duena. Ni, askotan, pertsonaian gehiegi sartzen naiz, testua ahazteraino, baina hura hain da zorrotza eta aplikatua, segidan bideratzen nau".

Euskarazko antzerkia, bizirik

Antzerkiaz gozatu eta "une atsegin bat" pasatu gura dutenak animatu ditu domekan joatera: "Zorionez, antzokiak betetzen ari gara". Horri lotuta, euskal antzerkiak bizi duen loraldia nabarmendu du: "Antzerkiarekiko zaletasuna geroz eta handiagoa da eta bizi-bizirik dago. Euskarazko eskaintza zabala dago; ezin gara kexatu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak