"Erasoak saihesteko protokolo bat izan nahi dugu"

Julen Murua Mesonero 2024ko mar. 8a, 13:14

Lander Irazabalbeitia eta Mikel Mantxola, Arrasaten. Argazkia: Julen Murua Mesonero.

Joan den asteburuan ez zen Gipuzkoako eskubaloi txapelketetako partidarik jokatu, otsailaren 16an Lander Irazabalbeitia epaile arrasatearrak une hartan Tolosako entrenatzailea zen Viacheslav Kobinen partetik jasandako erasoagatik epaileek etena egitea erabaki zutelako. Gaia jorratzeko asmoz, Harmailatik saioan izan ziren astelehenean Irazabalbeitia (Arrasate, 2003) eta Mikel Mantxola (Oñati, 1966) epaileak.

Zenbait arazo izan dituzue azken asteburuetan, eta neurri bat hartu beharra zegoen.

Mikel Mantxola: Landerri gertatu zitzaion; entrenatzaile batek eraso egin zion; fisikoki, gainera. Hori dela eta, batzar bat egin eta erabaki genuen Federazioarekin harremanetan jarri behar genuela. Bazeuden asteburu hartan bertan gelditu nahi zutenak, tartean beste partida batzuetan ere egon zirelako epailearekiko zenbait irain, baina erabaki genuen joan den asteburuan gelditzea.

Nola bizi izan zenuen egoera?

Lander Irazabalbeitia: Epaileak bere lana du, eta normaltasunez jokatu nuen. Egoera edozein dela ere aurrera egiten duen pertsona bat naiz, eta hori egitea erabaki nuen. Partida berotu egin zen, bi taldeak faltak egiten hasi ziren, baina ez nuen pentsatzen –eta uste dut epaileek, oro har, sekula ez dugula pentsatu– egoera muturreraino iritsi ahalko zenik. Pasatakoa pasa da, baina ez nuen inola ere pentsatuko horrelako eraso larri bat jasoko nuenik. Normaltasunez hartzen saiatu nintzen, aurrera begiratuaz. Egunkari eta aldizkarietan ere agertu zen hau guztia. Nire ustez, ez zen hainbeste zabaldu beharreko kontua, baina entrenatzailea bera ere eskubaloian izena duen pertsona bat da, eta hori albistea egiteko aprobetxatu dute askok.

Eraso hartako gorabeherak konpondu dituzue?

M.M.: Egunean bertan deitu zidan Landerrek, partida amaitu ahala. Esan nion ea nola zegoen eta etxera itzultzeko, partidako akta gauean amaituko genuela. Domekan elkartu ginen eta anexoa osatu genuen. Ni entrenatzailearekin telefono bidez egon nintzen eta erabaki genuen bazkari bat egitea hirurok gertatutakoaz hitz egiteko. Damututa zegoen hura, baina egindakoa ordaindu egin beharko du.

Hurrengo asteburuan ere izan zenuten hainbat arazo.

M.M.: Ostiral hartan batzarra egin genuen epaileok, eta batzuek gelditu egin nahi zuten egunean bertan. Lortu genuen atzeratzea, ostiral gaua zelako eta talde guztiei abisatzea ezinezkoa zelako; baina justu asteburu hartan izan ziren beste zazpi edo zortzi eraso; ez fisikoki, baina ahozkoak, batzuk entrenatzaileen aldetik eta beste batzuk, berriz, zaleen aldetik. Orduan erabaki genuen etena egitea; bildu ginen Federazioko kideekin eta erabaki genuen txapelketa guztiak gelditzea.

Noiztik bizi dituzue horrelako egoerak eskubaloian?

M.M.: Gehienbat, horrelakoak gertatzen dira epaile gazteak daudenean tartean; jendeak aprobetxatzen du hasiberriak direla haien lanarekin sartzeko. Hori, baina, arazo orokor bilakatzen da; hasiberriak diren epaile horiek ez dute jarraitu nahi izaten. Epailerik ez badago, ez dago txapelketarik; denok gara beharrezkoak: entrenatzaileak, jokalariak eta epaileak; horietako edozeinek huts egiten badu, ez dago partidarik.

Horrelako egoerak zer kategoriatan gertatzen dira sarriago?

L.I.: Infantil eta kadete mailetako partiduetan gertatzen dira arazoak, baina, oro har, gurasoak egoten dira tartean, eta haiekin kudeatu beharreko zerbait da. Senior mailan, berriz, zaleekin gertatzen da. Eskubaloia kontaktu handiko kirola da, eta, askotan, gurasoak garrasika hasten dira euren seme-alabaren bati falta gogor bat eginez gero. Senior mailan, berriz, adinez nagusiko jokalariak egoten direnez, gurasoak askotan ez dira sartzen. Kasu horietan, entrenatzaileekin, jokalariekin eta zaleekin lan egin behar da. Asteburuaren arabera ere asko aldatzen da; gerta daiteke zapatu batean kiroldegi batean egoera txarra izatea, baina hurrengo astean, kiroldegi berean, egoera guztiz aurkakoa izatea, segun eta zer partida jokatzen den.

Zer eskatzen duzue epaileen taldetik?

M.M.: Egoera horiek saihesteko protokolo bat izan nahi dugu. Horrelako zerbait gertatzen bada, etxeko ordezkariak moztu behar du egoera. Batzuetan, ordezkari horiek min hartuta dauden eta partida jokatu ezin duten jokalariak dira, eta ez dituzte harmailetatik botatzen pertsona horiek. Lan bat egin behar dugu, formakuntza eman kantxako ordezkaria izango denari; baita protokolo luze bat, partida momentuan moztu eta bertan behera gelditzeko.

Horrelakoetan, epaile lanetan aritzeko gogoa galdu egiten da?

L.I.: Pertsonalki, kantxara itzultzeko gogoz nago. Asteburuan geldi egonda, epaile lanetan aritzeko gogoa izan dut. Datorren asteburuan [oraingoan] txapelketak itzuliko dira, eta itzultzeko gogotsu nago.

M.M.: Gehien harritu ninduena izan zen Landerren jarrera. Erasoa jasan ostean, domekan beste partida bat zeukan. Esan nion lasai egoteko eta ni joango nintzela partida arbitratzera haren ordez, baina Landerrek esan zidan lasai egoteko, hura joango zela; asko harritu ninduen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak