Portugalera, munduari "hemen gaude" esatera

Hasier Larrea 2024ko mar. 8a, 14:49

Uxue Azkue aerobik gimnastak Munduko Kopan parte hartuko du Pablo Corres gasteiztarrarekin bikotea osatuta, martxoaren 20tik 24ra, Cantanheden (Portugal). Domekan, entsegu orokorra egingo dute jendaurrean, Iturripen, benjaminen saioan zehar.

Meritua du batxilergoko ikasketak amaitu ostean gimnasia erritmikoan jarraitzeak, ondo dakite hori Arrasate Dragoi Gimnasia Taldean. Zorionez, badituzte senior kategoriako kideak, eta ez edonolakoak. Joan den azaroan, klubeko hiru gimnastak, Naia Irazolak, Maria Martiarenak eta Uxue Azkuek, Turkian jokatutako Europako Aerobik txapelketatik brontzea ekartzea lortu zuten, Gasteizko Biribildu klubarekin taldea osatuta. Esperientzia hark onena ematen jarraitzeko indarra eman zien, eta horren adibide da Uxue Azkuek esku artean duen erronka berria.

Gainera, bikotekide berri batekin egingo du proba, Pablo Corres gasteiztarrarekin. Modalitate horretan Irazolarekin aritu izan da sarritan. "Espainiatik kanpoko lehiaketetan bikote mistoak bakarrik daude onartuta; hortaz, Biribildukoekin entrenatzen ginenean Pablo ezagutu nuen, elkarrekin entrenatzen hasi eta, pixkanaka, nazioartean lehiatzeko gogoa sortu zitzaigun", azaldu du Azkuek.

IRAILEAN MUNDUKO TXAPELKETAN JOKATZEKO AUKEREN BILA DOA BIKOTEA CANTANHEDERA

Horretarako bultzada Espainiako hautatzaileak eman zien, lan-saio bat zuzentzera joan zenean: "Hark animatu gintuen Cantanheden jokatuko den Munduko Kopan izena ematera; herrialde bakoitzetik pare bat ordezkari joan daitezke, Federazioaren edo hautatzailearen oniritziarekin. Gure asmoa itxura ona ematea da; izan ere, irailean Munduko Txapelketa jokatuko da, eta, Espainia mailan, kategoria bakoitzetik gehienez bi ordezkari joango dira. Badakigu une honetan beste bi bikoteren alde egitekotan daudela, baina guk zalantzak sortu nahi dizkiegu, ikus dezatela gu ere hemen gaudela".

80 segundo

Gimnasia erritmikoan eta halako kiroletan denbora-tarte oso laburrean erakutsi behar da hilabeteetan egindako lan guztia. Portugalerako prestatu duten erakustaldiak minutu eta 20 segundoko iraupena dauka, eta honela azaldu du Azkuek zein den akatsik ez egiteko gakoa: "Kontzentrazioa da garrantzitsuena. Nik, une horretan, burua zuri izaten dut, eta memoria muskularra martxan. Dantza-nahasketa moduko batean oinarritzen da gure pieza: alde batetik, koreografia dago, oinarrizko mugimenduak; bestetik, zailtasunak daude, indarra eta jauziak; eta, azkenik, bikotearen arteko koordinazioa".

Lehen saiakera, Iturripen

Kirol bizitza Ingeniaritza Mekanikoko ikasketekin uztartzen du Azkuek, eta astero bi orduko lau entrenamendu egiten ditu, gutxienez, domeketako erakustaldiak kontatu gabe. Asteburu honetakoa Iturripe kiroldegian daukate, Gipuzkoako benjamin mailako topaketaren baitan, 11:00etan hasita, Arrasate Dragoi klubaren partaidetza nabarmenarekin. Hilaren 20tik 24ra mundu mailako gimnasten aurrean egingo dutenaren entsegu orokor bezala hartuko dute hitzordua Corresek eta Azkuek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak