Istorio bakoitzak merezi duelako

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mar. 7a, 17:11

Arrasateko Garagune zentroko hainbat erabiltzaile, Isabel Medinarekin, paparrekoak eskuetan dituztela.

Garagune Arrasatek, Activos Por Un Mundo Solidario gobernuz kanpoko erakundeak eta Katxalin elkarteak elkarlanean, Arrasateko Emakumeak ekimena abiatu dute Martxoaren 8aren harira; funtsean, herriak duen aniztasuna ikusaraztea da helburua.

Arrasateko Emakumeak. Izen hori jarri diote Arrasateko emakumeen aniztasuna ikusarazteko helburu nagusi duen ekimenari. Garagune Arrasatek, Activos Por Un Mundo Solidario gobernuz kanpoko erakundeak eta Katxalin elkarteak elkarlanean bigarrenez gauzatuko dute ekimena; izan ere, iaz askotariko poltsak egin zituzten Garaguneko erabiltzaileek eta aurten, aldiz, paparreko orratzak egin dituzte. Horietako bakoitzak emakume baten istorioa du atzean, eta, hain zuzen, istorio horren azalpen bat ere jasotzen du, idatziz. "Arrasateko emakumeen aniztasuna ikusarazi eta aldarrikatu gura dugu. Alegia, Arrasaten jaio ez izanak, esaterako, ez du esan gura arrasatearrak ez garenik. Hori lortzeko, kasu honetan, eskulanak erabili ditugu", azaldu du Isabel Medinak, Activos Por Un Mundo Solidario gobernuz kanpoko erakundeko koordinatzaileak.

Hiru helburu nagusi ditu

Ekimenak hiru helburu nagusi ditu, Medinaren esanetan: "Batetik, nabarmendu gura dugu Arrasaten jatorri askotariko emakumeak bizi garela eta guztiok garela arrasatearrak. Bestetik, aldarrikatu gura dugu guztiok daukagula komunitateari eta herriari ekarpena egiteko eskubidea. Izan ere, aniztasun funtzionala duten pertsonek laguntza behar dute askotan, baina haiek ere ekarpen handiak egin ditzakete herrian. Azkenik, Katxalin elkartearekin dugun elkarlanaren bidez, ikusarazi gura dugu momentu zailak bizitzen ari garen arren ekarpen handia egin diezaiokegula herriari".

60 paparreko orratz egin dituzte eta horietako bakoitzak emakume baten istorio bat du atzean. "Saiatu gara paparrekoak emakume horren ahalik eta antzik handiena izaten", diote. Emakume horiek, nola ez, askotarikoak dira, jatorriari zein izaerari dagokienez.

Berdintasun eskubidea

ardatz Martxoaren 8a aukeratu izana, noski, ez da kasualitatea, eta mugimendu feministaren aldarrikapenekin bat egiteko duten modua ere bada. "Guk egunari egin diezaiokegun ekarpen onena da ondoen egiten ditugun gauzak egitea eta herriari erakustea", dio Medinak. Beraz, gaurko mobilizazioekin bat egingo dute. Horren harira, zera adierazi du Elena Zaratek, Garagune Arrasateko arduradunak: "Oro har, aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak ez dira ezagunak eta ez dago lanketa bat horiek ezagutarazteko. Guk eskubide horiek lantzen ditugu haiekin, eta, lanketa horren baitan, badaude egun berezi batzuk haien errealitatea ezagutarazteko eta herrira zabaltzeko baliatzen ditugunak". Horietako bat da gaurko eguna. "Izan ere, ezberdintasunak nabariak dira ez bakarrik gizonen eta emakumeen artean, baita aniztasun funtzionala duten pertsonekiko ere. Beraz, berdintasun eskubidea eta gizartean parte hartzeko duten eskubidea ardatz hartuta aterako gara kalera, haien eskubideak aldarrikatzera", gaineratu du.

Batutakoa, Katxalin elkartera

Bihar, egubakoitza, Herriko Plazan mahai bat jarriko dute, 12:00etan, baita zapatuko artisauen azokan ere. Paparreko bakoitzak 5 euroko prezioa izango du, eta batutako dirua Katxalin elkartera bideratuko dute. "Iaz 300 euro lortu genituen eta aurten ere helburu bera izango dugu. Hori dela eta, lortutako diru guztia haiei emango diegu, elkarteak dituen beharretan laguntzeko", adierazi du Medinak. Katxalin elkartekoek, halaber, oihal birziklatuekin poltsak egiten dituzte, eta, kasu honetan ere, hala egin dute. "Paparrekoak sartzeko poltsa txikiak egin ditugu, eta, beraz, herritarrek erosten dituztenean, poltsa horietan emango zaie paparrekoa", adierazi du Maixabel Mendizabalek, Katxalin elkarteko kideak.

Elkarlan sendoa dute

Hiru eragileen arteko elkarlana sendoa dela dio Medinak: "Indarrak batzen saiatzen gara, eta elkarrekin bidea egiten". Garaguneren eta AMSren arteko elkarlanetik sortu da, esaterako, Gure nortasuna proiektua, Nikaraguako eta Arrasateko ohiturak eta kulturak ezagutaraztea helburu duena. "Kolaborazio asko egiten ditugu, eta etorkizunera begira ere askoz gehiago egitea da gure asmoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak