WOW etxeko txapelduna da ostera ere Yaman Mjahed, 61 kilotan onena. Lesioaren ondoren galdutako koroa errekuperatu zuen atzo iluntzean Madrilgo Vistalegren, 6.000 ikusleren aurrean. "Espainian inoizko jendetza handiena batu duen MMA ikuskizuna izan zen atzokoa, sekulakoa izan zen. Borrokaldia amaitu eta 15 minutu behar izan nituen azterketa medikua egitera joateko, jendetza artean ezinezkoa zen aurrera egitea", adierazi dio GOIENAri arrasatearrak, egindakoaz pozik. "Perfektua izan zen dena, aurreikusi moduko borrokaldia izan zen, akatsik gabekoa. Lasai hasi gura genuen, kontrarioari neurria hartu, eta lehenengo round-a erabili kontrarioa nekatzen joateko eta ahal genuen guztietan kolpe onak sartzeko. Baina, bereziki akatsik ez egitea zen lehentasuna. Halaxe egin genuen, eta bigarren round-ean aukera ikusi nuen momentuan lurrera bota nuen, eta bertan kolpatu nuen KO teknikoa lortu nuen arte. Aurreikusi moduan irten zen plana".
Etxekoekin gozatu, eta atsedena hartu
Arrasatekoak garaipen honen ostean lehenengo postua errekuperatu du WOW barruan, eta datozen asteak atseden hartzeko baliatuko ditu. "Lasai egon nahi du egun batzuez eta garaipenarekin gozatu. Fisikoki izugarri ondo sentitu naiz, belaunean ez dut inolako arazorik izan eta oso pozik nator Madrildik. Eta, segituan hasiko gara ostera ere lanean, ea maiatzerako ostera ere kaiola barruan egon naitekeen, hurrengo borrokaldirako prest".