Yaman Diamante Mjahed Nogalesek (Arrasate, 2002) lotailu gurutzatua hautsi zuen duela bederatzi hilabete. MMAko borrokalari arrasatearra WOWko txapelketan lehena zen rankingean, haren kategorian –61,2 kilo-, eta MMA profesionaletara jauzia emateko prestatzen ari zen zorigaiztoko lesioa iritsi zenean. Orain, errekuperazio luze baten ostean, zapatuan berrager- tuko da, Sorabox-ek Uarkapen antolatu duen boxeo jaialdian. GOIENArekin izan da prozesu luze horri buruz berba egiteko.
Nola daude nerbioak berragerpenerako?
Hilabete gogorrak izan dira. Urduritasuna baino gehiago, poz handia sentitzen dut, egoera gogor horri aurre egin diodalako eta gainditzea lortu dudalako. Kirolaria naiz eta %100 nago bizimodu horretan murgilduta; zure egunerokoa bat-batean kentzen dizutenean eta eskailerak ere bakarrik ezin dituztenean jaitsi, jota sentitzen zara. Egoerari aurre egiteko gai izan naiz, eta Jainkoari ere eskerrak ematen dizkiot lesionatu izanagatik. Nerbioak beti daude, baina horrek borroka hobeto presatzen laguntzen du.
Une oso onean zeunden lesioa iritsi zenean; kolpe gogorra izan zen?
Hasieran sinetsi ezinik egon nintzen. Serbian jokatu zen Munduko Txapelketan nengoen. Lehenengo egunean irabaztea lortu nuen. Bigarrenean ere gauzak oso ondo egiten ari nintzen, baina gaizki zapaldu eta nahiz eta borrokaldia amaitu nuen, banekien belauna hautsita nuela. Nire ibilbideko momenturik onenean nengoen, eta, bat-batean, hormigoizko horma bat jarri zitzaidan aurrean: lesioa. Bi aste burumakur egin ostean, buruari buelta bat eman eta une hartan nengoen egoeratik eraikitzen hasi nintzen. Horregatik nago eskertuta lesionatu izanagatik, orain beste helburu batzuk ditudalako eta egoera hau pasatu izan ez banu ez nintzatekeelako gai izango aurrera egiteko.
Entrenamendu gisa erabiliko duzu zapatukoa. Martxoaren 2an, ordea, hitzordu garrantzitsua duzu.
Min hartu nuenean, WOWn nire kategorian lehenengo postuan nengoen rankingean. Lesioaren ondorioz, rankingetik atera egin ninduten, baina lehenengo postu hori mantenduz. Beste borrokalari bat jarri zuten lehen postuan; beraz, martxoko borrokaldia lehenengoa lehenengoaren kontra izango da. Orduan ikusiko da zein den rankingeko benetako liderra.
Boxeo modalitatean arituko zara zapatuan; ez da ohikoa zuretzat. Berriz ring batera igotzeko beharra izango duzu, ezta?
Bai, noski; oso lehiakorra naiz. MMAn lehiatu aurretik, borrokako beste modalitate batzuetan aritu izan naiz, eta aurretik lagunekin edozein kiroletan ere beti onena izan nahi nuen. Orduan, bat-batean lehia kentzen dizutenean, itzultzeko momentu horretan, txakur bat haragi zati baten aurrean lotuta edukitzea bezala da. Gainera, lehen aldia izango da boxeoan arituko naizena. Goiko kolpeetan ondo moldatzen naiz, eta prest ikusten dut neure burua zapaturako.
Nolako aurkaria izango duzu aurrean?
Ez dakit askorik hari buruz. Badakit nafarra dela, eta ikusitakoarekin esan dezaket indartsua dirudiela. Dena dela, datorrenerako prest nago. Ni ez naiz inoiz nire aurkariaren aurka borrokatzen, neure buruaren aurka borrokatzen naiz; helburua hori baita, beti neure burua gainditzea.
Azkenaldian, borroka-jaialdi batzuk egin dira gurean. Badirudi indarra hartzen ari dela...
Orokorrean, borroka-kiroletan gertatzen ari da. Duela urte batzuk lagun bati esaten nion kirol horiei denbora emanez gero gorakada handia izango zutela, eta gu bertan izango ginela. Boxeoa betidanik izan da ezaguna, baina MMA oso jende gutxik ezagutzen zuen, eta orain gustuko dituzte kirol horiek. Pozgarria da hemen ere horrelakoak egitea.
Zapatuko eta martxoko borrokaldiak igarota, ze erronka dituzu aurretik?
Borroka horiek irabazi, eta ondoren, rankingeko lehen postua defendatzen jarraitu. Aurrerago, berriz, dena ondo bidean, MMA profesionaletarako jauzia eman nahiko nuke.
Hamar borrokaldiko jaialdia
Uarkapeko pilotalekua lepo beteko da bihar; izan ere, 700 bat sarrera salduko dira 18:00etan hasiko den jaialdirako. Guztira, hamar borrokaldi egongo dira, eta, tartean, hiru debagoiendar: Iker Davila, Ander Urrutia eta Yaman Mjhaed. Lehenak Jesus Garces izango du aurkari; Urrutiak Ixai Aurrizekin neurtuko ditu indarrak; Mjhaed, berriz, Eric Catalan garaitzen saiatuko da.
Gainontzeko borrokaldiak hauek dira: Marko Sortino-Asier Andreu; Oihane Gravalos-Rakel Martinez; Mikel Lorentxo- Ander Torre; Robel Batista-Mario Sarmiento; Sekou San-Marcos; Maddy-Jon Idoate; eta Anaitz Olaeta-Leroy Serey.