1980ko otsailaren 28an, komunitate andaluziarrari erabateko autonomia eman zion erreferenduma eraman zen aurrera; ondorioz, egun hori jaiegun izendatu zuten Espainiako hegoaldeko lurraldean. Hamar urte geroago sortu zen Arrasaten Al-Andalus elkartea, eta urtero hutsik egin gabe ospatzen dute hitzordua. Aurten asteazkena tokatu da, eta Musakolako egoitzan ardoa dastatuz eta Andaluziako ereserkia abestuz egin diote keinu elkarteko bazkideek. Baina bihar egun osoko egitaraua dute aurretik, ohi bezala, kultura emanaldiz gainezka.
8 apellidos vascos filmean ezagun egin zen aretoan bertan egingo dituzte ekitaldiak. 13:00etan, gehienbat eskoriatzar musikariz osatutako Alegria de la Sierra taldeak kontzertua egingo du, eta, jarraian, Lourdes Oncala sevillana eskolako dantzarien txanda iritsiko da. 19:00etan berrekingo diete zuzeneko emanaldiei: flamenkoa, buleria eta fandangoa uztartuko ditu Gad de la Fuente dantzaria buru duen laukoteak; gitarra, kaxoia eta ahotsa izango dira akonpainamendurako tresnak.
Egunak duen dimentsioaren berri afarirako tokia hartu duen jende kopuruak ematen du. "120 lagunendako edukiera dago gure zentroan, eta tiket guztiak banatu ditugu", azaldu du Al-Andaluseko lehendakari Salva Delgadok. Gauean ere festak ez du etenik izango, DJ Asier gonbidatu baitute giroa jartzeko.
GAUR EGUN, 167 BAZKIDE INGURU DIRA ELKARTEAN, ETA BATZORDEA GAZTETU NAHIAN DABILTZA
Osasuntsu daude
Euskal Herrian tokian tokiko hainbat andaluziar elkarte daude, eta Arrasatekoa "erreferenteetako bat" dela nabarmendu du Delgadok: "Beste herri batzuetan halako elkarteak desagertu egin dira, baina hemen ez; hemen indartsu jarraitzen dugu. 167 bazkide inguru gara, eta martxoan egingo dugu hurrengo asanblada. Helburua da batzordea gaztetzea, badauzkagu-eta lauzpabost pertsona erreleboa hartzeko gertu".
Gaineratu duenez, Al-Andalusko bazkide izateko ez da inolako baldintzarik bete behar, eta, behin kuota ordainduta, abantailak daude kultura zentroak kudeatzen dituen otorduetan, bidaietan eta edarietan.
Zalantza barik, biharkoa urteko egun desiratuenetakoa da elkarteko kideendako, galazko jantzi koloretsuak ateratzeko unea, "Errozioaren Egunarekin eta maiatzeko Aste Kulturalarekin batera".
"Sevillanak diruditena baino zailagoak dira"
LOURDES ONCALA, SEVILLANA DANTZARIA ETA IRAKASLEA
Al-Andalus zentroan bertan du bere izen-abizena daraman dantza-eskola arrasatear horrek.
Ohi bezala, zure ikasleek sevillanak dantzatuko dituzte bihar jendaurrean.
Gu beti gaude gertu. 30 lagunetik gora gara, eta, ikasteko apuntatzen diren arren, gerora gelditu egiten dira, gustuko dutelako. Bergaratik eta Oñatitik ere etortzen dira.
Zer eskainiko duzue?
Bederatzi abesti interpretatuko ditugu. Sevillanetan besoak eta eskuak mugitzen dira, batez ere, kapelak, mantoiak edota abanikoak hartuta. Baina ez da sagarra hartu, hozkada eman eta bota; dantza mota guztiek bezala, sevillanek ere pauso zehatzak dituzte, eta pazientzia behar da.
Irrikaz egongo zarete, ala?
Primeran pasako dugu, ez izan zalantzarik!