Hirekin berrikuntza eta ekintzailetza industrialerako zentroaren eraikuntza lanak azken fasean dira, eta aholku mahai bat sortu dute Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ordezkariek, erakunde publikoek, babesleek eta sustatzaileek. "Helburua da eskualdeko ekintzailetza estrategia elikatzea, eta enpresa bultzatzaileek, administrazio publikoek eta ekintzailetza sustatzeko eragileek elkarrekin dituzten erronketan laguntzea", adierazi du Mondragon Unibertsitateak.
Batzarrean hainbat entitatetako ordezkariak izan dira, besteak beste: Jokin Diaz, Eusko Jaurlaritzatik; Leire Madariaga, SPRI agentziatik; Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldunditik; Jaime Bengoa, Arrasateko Udaletik; Aritz Otxandiano, Fagorretik; Luis Anduaga, Kreanetik; Ruper Gabilondo, Orbeatik; eta Carlos Garcia, Goi Eskola Politeknikotik.
Zentroaren xehetasunak
Hirekin zentroak ekintzailetza industrial eta teknologikoa, digitalizazioa eta jasangarritasuna ditu ardatz, hala nola ingurumenari, ekonomiari eta gizarteari dagokionez. Arrasateko Uribarri auzoan egongo da zentroa, eta lankidetzarako gune bat sortzea du xede enpresa, ekintzaile, ikertzaile eta ikasleentzat, "industria jasangarri baten eta ekonomia lehiakorrago baten alde lan egin dezaten".
Proiektua, gainera, irekia dela ohartarazi dute unibertsitatekoek. "Enpresek eta erakundeek atxikitzeko aukera dute: aholku mahaiko parte hartzaile gisa, estrategian laguntzeko; babesle, ikasleentzako eta ekintzailetza proiektuetarako bekak emanez; eta sustatzailetzat, proiektuak erakartzeko eta gobernantzan beran ikuspegia emateko gaitasunarekin.