60 urte atzera, 'Foto Laso' dokumentalaren estreinaldian

Hasier Larrea 2024ko ots. 23a, 20:45

Gaur iluntzean ikusi ahal izan dute arrasatearrek estreinakoz Foto Laso dokumentala, 60ko eta 70eko hamarkadetan Pedro Sologaiztoa Laso argazkilariak Super 8 bideokamerarekin grabatutako irudiekin osatutako lana. Sarrera guztiak agortu dira, baita hurrengo emanaldikoak ere; horregatik, hirugarren proiekzio bat eskainiko dute martxoan Amaian.

Jaioterriko gertaerak betikotu zituen Pedro Sologaiztoa Laso argazkilariak haren bideokamerarekin. Orduan inork gutxik zerabilen halako tresnarik, hortaz, ezinbestean altxor bilakatu da hark jasotako materiala. 40 bobinatan jasotako irudiak ia 60 urtez egon dira gordeta. Orain, Foto Laso ikus-entzunezkoan eman diete forma, senitartekoen, Arrasate Zientzia Elkartekoen eta Iban Del Campo zinegilearen arteko elkarlana baliatuz. Ordubete irauten duen dokumentalak gaur ikusi du argia Amaia antzokian, 400 lagunen aurrean.

Proiekzioaren aurretik, Pilar Askasibar AZEko lehendakariak eta Iban Del Campok hitz egin dute, eta Arrasateko herria eta ohiturak nola aldatu diren ikusteko balio duen lana dela nabarmendu dute. Izan ere, askotariko jaiak, paisaiak, omenaldiak eta kirol ekitaldiak dotore dokumentatu zituen Sologaiztoak, irudiz bakarrik ez, baita soinuz ere, hainbat ekitaldiri komentario deskriptiboak txertatuz.

Hirugarren emanaldi bat ere bai

Martxoaren 1ean izango da hurrengo emanaldia. Sarrerak agortuta daudenez, gaur bertan iragarri dute martxoaren 15ean, ostirala, 19:00etan, hirugarren emanaldi bat eskainiko dutela Amaia udal antzokian. Sarrerak lortzeko aukera zapatu eguardian zabalduko da –otsailak 24, 12:00etan– arrasate.eus-en. Amaiako leihatilan ere eskuratu ahalko dira zabalik dagoen ordutegian, hau da, emanaldiren bat hasi baino ordu bat lehenagotik emanaldia hasi arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak