Lasterketa hasi zenutenean, norbaitek pentsatuko zuen labea piztuta utzi zenuela etxean...
[Barre] Bai; han bertan ere entzuten nuen jendea ea abiadura horretan nora nindoan... Estrategiaren parte zen; lasterketa oso azkar hasi nahi nuen, eta bakarrik joan. Arrisku handiak hartzen dituzu horrela, baina banekien aldapa behera ez nintzela horren ondo moldatuko, eta abantaila hartu nahi nuen. Eta balio izaten du, baita ere, kontrarioa apur bat kikiltzeko. Bistatik galtzen zaituztenean, bigarren postuaren borrokan pentsatzen hasten dira, eta horrek mesede egiten dio lehenengo doanari. Kontrara, norbaitek zurekin joatea erabakitzen badu, hark ere lehertzeko arriskua dauka. Gogoan daukat Larreak eta biok inoiz egindako lasterketaren bat... Egurrean joan ginen.
Eta lasterketara joateko zalantzak izan zenituen...
Bai, mendian apenas ibili naizelako. Asfaltoan ibili naiz gehien, eta neguan gustura ibili naiz, gainera, baina mendian ez naiz sartu, eta zalantzak nituen. Hamabost egunean behin Durangora joaten naiz; han atleta talde polita dute eta izugarri gozatzen dut eurekin entrenatzen. Pistan ibiltzen gara, eta egurra ematen diogu elkarri. Zapatuko hasiera horren indartsua eurei esker egin ahal izan nuen.
Laugarren txapela jantzi duzu...
Bai, Ibai Larreak huts egin du eta... Ondo baliatu dut hori [Barre]. Esan moduan, nahiz eta zalantzekin egon, Antzuolan etxean moduan sentitzen naiz, oso gustura joaten naiz hara. eta horrexegatik erabaki nuen lasterketan parte hartzea.
Garaipena amorruz ospatu zenuen.
Bai, baina ez dauka aparteko esangurarik. Aspaldian ez dut publikoaren aurrean lasterketarik irabazi. Kilometro bertikaletan nabarmendu nintzen iaz, eta mendi tontorrean apenas egoten da jenderik. Antzuolan, berriz, jendearen aurrean irabazte hori... Gainera, lasterketa horren azkar hasita, badakizu probak sufrikario hutsa izan behar duela, eta hala izan zen. Ordubeteko sufrikario hutsa. Eta helmugan amorruz ospatu nuen.
Ze helbururekin hasi duzu 2024a?
Iazko denboraldia pozik amaitu nuen, Anbotoko kilometro bertikala irabazita, Udalatxeko erronka eginda... Aurten asmoa da lasterketa apur bat luzeagoak egitea, bi ordu eta erdiren bueltako lasterketak egitea. Talaia Bidea lasterketa daukat begiz jota, Hondarribian. Eta Kanpezura ere joan nahi dut, Euskal Herriko Txapelketa jokatzera. Horrekin batera, Espainiako Kluben Arteko Txapelketa Malagan jokatuko dute, eta, aurten ere Soronea-Ammma taldean jarraituko dudanez, hara joateko ilusioa daukat. Eta, horrekin batera, Txindokiko eta Zegamako kilometro bertikalak ere egin nahiko nituzke; etxeko lasterketarekin ditut zalantzak, Arrasate-Udalatxekin.
Iaz, aita izan zinen; horrek egokitzapen-fase bat ere badakar.
Bai, eta umea izan eta segituan konturatu nintzen ez nenbilela lasterketetara joateko motibatuta; tira, lehentasunak beste batzuk dira. Baina bikotekidea eta biok ondo ari gara moldatzen. Egia da atsedenean igartzen dela, baina motibatuta nabil aurtengo urterako, bai.