Aire zabalera ezin hobeto doaz

Xabier Urtzelai 2024ko ots. 23a, 20:00

Malen Ruiz de Azua, Eneko Carrascal eta Andoni Calbano. Argazkiak: Sergio Mateo.

Espainiako Txapelketatik domina bana irabazita itzuli dira Malen Ruiz de Azua –urrea–, Eneko Carrascal –zilarra– eta Andoni Calbano –brontzea–. Tarte txikia hartuko dute atsedenerako, aurki dituzte-eta erronka zorrotzenak. Talde horretan laugarren lagun bat falta da, Maialen Axpe. Arrasatearrak ez du pista estaliko denboraldia egin, baina aire zabala ondo prestatzeko gogoz dabil.

Ourensen jokatu duten Espainiako Txapelketan dominak lortzeko faboritoen multzoan zeuden Malen Ruiz de Azua –pertika-saltoa– Eneko Carrascal –salto hirukoitza– eta Andoni Calbano –200 metroko lasterketa–, eta ez zuten hutsik egin. Orain, egun gutxi batzuetako atsedenaldia izango dute, baina abuztuan Parisen egingo dituzten Olinpiar Jokoek aire zabaleko egutegia baldintzatuko dute, eta txapelketa handiak ohi baino lehenago izango dira. Hala, asteburuko balorazioa egiteko eta aurrera begira jartzeko asmoz egon da GOIENA hiru protagonistekin.

Ruiz de Azuak, urrea

Malen Ruiz de Azuak (Arrasate, 1995) ez zuen bere marka pertsonaletik gertu egoteko aukerarik izan, baina 4,35eko saltoa nahikoa izan zuen urrea irabazteko. "Beti diogun moduan, txapelketetan dominak dira lehentasuna, eta ondoren dator marka on bat egitearena. Bai, Antequeran 4,40 egin ostean salto hobea egin nezakeela uste nuen, baina halako hitzorduetan inoiz ez dago jakiterik zelan erantzungo duzun. Hori horrela, marka onak egiteko aurrerago ere izango ditugu bestelako txapelketa eta topaketak. Espainiako Txapelketara urre bila joaten gara". Hala, arrasatearrak laugarren urtez lortu du txapelketa irabaztea –2017, 2018, 2021 eta 2024–. "Espainiako Txapelketa irabaztea beti da berezia, baina urre honi balio handiagoa ematen diot, iazko urtea oso frustragarria izan zelako. Azkenekoz 2021ean jantzi nuen urrea, eta, aurreko urteotan urrea lortzeko borrokatu banaiz ere, bigarren sailkatu naiz".

Hala, Ourenseko pistan Valentzia taldeko atleta izan zen atleta egonkorrena. 4,05, 4,15, 4,25 eta 4,30 lehenengo saiakeran gainditu zituen. "Kontrarioek arriskatu egin zuten eta zuzen joan ziren 4,35era. Niri poliki joatea gustatzen zait; oso indartsu ikusi behar dut neure burua listoia tokatzen dena baino gorago jartzeko. Pausoz pauso joaten naiz, eta Ourensen estrategia hori baliagarria izan zen, 4,30 egin nuen bakarra izan nintzen eta. Tira, ez da oso marka ona, baina urrea balio du, eta aire zabalera konfiantzarekin joateko aukera ematen dit. Gainera, iazko urtea muskulu iskiotibialean izandako lesio batek baldintzatu zidan, eta orain ondo lehiatu ahal izan naiz".

ABUZTUAN JOKATUKO DITUZTEN OLINPIAR JOKOEK AIRE ZABALEKO EGUTEGIAN ERAGINA DUTE

Arrasateko pertika-jauzilariak ez du atseden handirik hartzeko asmorik. "Aire zabalean sasoi puntu onean hasi nahi dut; pista estalian egin ditugun markak hasieratik egiteko moduan egotea da asmoa. Aste Santuan beste lagun atleta batzuekin batera Tenerifera joango naiz, egonaldi moduko bat egitera, gogor entrenatzera. Eta ea handik bueltan lehenbailehen hasi gaitezkeen txapelketa onak egiten".

Carrascalek, zilarra

Salto hirukoitzean Eneko Carrascalen (Arrasate, 1999) eta Pablo Torrijosen arteko lehiak jarri zion saltsa zapatu arratsaldeari. Jordan Diaz kubatarraren hutsuneak beste atleta batzuei atea zabaldu zien, eta aurrealdeko borrokan Arrasatekoa urrea irabazteko puntuan egon zen. Ramon Adaliak eman zuen lehenengo kolpea (15,80), baina bigarren txandan Torrijosek marka hori berdindu egin zuen. Arrasatekoak hirugarren txandan esan zuen "hemen nago", 15,82 eginda. Hala, arratsaldeko azken txandan Torrijosek eman zuen mahai gainean kolpea (16,02). Carrascali azken aukera geratzen zitzaion, eta Realeko atletak saltoa egin zuen unean garbi geratu zen Torrijosek besteko salto ona egin zuela. Marka ofiziala adierazteko behar izan zituzten segundoetan Carrascal pozik zegoen, egindakoarekin konforme, eta pantailan 15,97koa erakutsi zutenean ez zitzaion irribarrea desagertu. "Oso pozik geratu naiz egindako txapelketarekin. Bereziki, min gabe lehiatu ahal izan nintzelako eta neure burua lehiakor ikusi dudalako. Pentsa, bi urte egin ditut txapelketatik urrunduta. Lehenengo, lunbalgia gogor bat izan nuen, eta urtebete izan ninduen horrek geldi. Eta iaz, pubalgia bat izan nuen. Bazirudien arazo horiek atzean utzita nituela, baina abenduan txapelketetan hasi nintzenean koadrizepsa hautsi nuen. Eta bai, seguruenik, ia bi urtez lehiatu gabe egoteak eragina izango zuen azken lesio horretan. Hori horrela, urtarrila igaro dut jakin gabe ea txapelketa horietara joateko moduan egongo ote nintzen edo ez, baina, zorionez, azken asteotan ondo ikusi dut neure burua, bai Antequeran eta bai Ourensen, eta aire zabalera begira asko motibatzen nau horrek".

Arrasatekoak dio bi urte hauetan ez duela atletismoa uzteko asmorik izan, ideia hori erabat baztertuta zeukala. "Esango nuke atletok tarteka izaten dugun tentazioa dela hori. Gaztea zarenean akaso ez, baina urteak aurrera doazen neurrian... Azken batean, guk ez ditugu bestelako kirolariek dituzten baldintzak, eta atletismoan jarraitzen badugu gustuko dugulako da, ez ekonomikoki merezi duelako. Hala ere, duela bi urte atletismoaren bueltan proiektu hau abian jartzeko erabakia hartu nuen: Donostiara bizi izatera joan, entrenatzailearekin lan egin... Eta garbi izan dut lesioak gainditu eta proiektu hau burutu nahi nuela, ez nuen nahi hau erdizka utzi, nahiz eta momentu txarrak izan ditudan, noski. Hala, txapelketan zilarra eskuratu badut ere, ez zen hasierako asmoa. Entrenatzailearekin berba eginda neukan emaitza gutxienekoa zela, helburua minik gabe lehiatzea zela. Alegia, salto harekin laugarren izan banintz ere, ni konforme. Pistan gozatzea zen helburua, eta lortu dut".

ATSEDEN HARTZEKO TARTE TXIKIA IZANGO DUTE HIRUREK; SASOIAN HASI NAHI DUTE AIRE ZABALEAN

Carrascalek ez daki aire zabalak zer ekarriko dion. Onartzen du fisikoki oraindik asko hobetu behar duela: "Duela bi urte orain baino askoz indartsuago nengoen, baina geldi egon izanak hori dakar. Hala, denbora tarte hau erabili dut teknika lantzeko, eta marka horiek teknika horri esker lortu ditut. Ea fisikoki poliki-poliki aurrera egiten dudan neurrian markak hobetzen ditudan, baina inoiz ez dago jakiterik". Carrascal ere segituan hasiko da aire zabala prestatzen, jakinda Olinpiar Jokoak, gaur-gaurkoz, oso urrun daudela. "16,12ko marka daukat, eta Espainiako Federazioa 16,95 dabil eskatzen. Espainian marka hori pare bat atletak egin dute historian".

Calbanok, brontzea

Andoni Calbanok (Bergara, 2000) ere txapelketa borobila egin zuen Ourensen, besteak beste, zapatuko kanporaketa saioan marka pertsonala egin zuen eta (21.20). Hala, domekako bi finaletako batean Realeko atleta azkarrena izan zen (21.21). Beste finalean Adria Alfonso izan zen onena (20.94) eta zilarra Daniel Rodriguezek jantzi zuen (21.03): "Bi finalerdi eta beste bi final egiten dituzte, pista estaliko kale guztiak ez dira-eta erabilgarriak. Barruko kaleetan ez dugu korrikarik egiten, desabantaila handia egongo litzatekeelako. Eta korrika egiteko 5. eta 6. kaleak dira onenak; horrenbestez, kale horietan egoteko ostiraleko kanporaketatik egin behar dira denbora onak. Kontuan izan ehunen gutxi batzuetako aldea egoten dela. Hala, oso pozik geratu nintzen nire finalean indarrak oso parean egon zirelako baina azken metroetan ondoan neukan atletari aurre hartu ahal izan niolako; estrategia egokia izan nuen eta indarrez nengoen. Pentsa, bost ehuneneko aldearekin irabazi nion laugarren sailkatu zenari; oso final parekatua izan zen".

Datozen hilabeteotan Calbanok erronka politak ditu; besteak beste, maiatz hasieran Nassaun (Bahamak) egingo duten Munduko Txapelketan egon nahi du. "Aurten Espainiako erreleboetako taldean sartu naute, eta hiru aste barru Malagara joango gara egonaldia egitera. Hain zuzen, hautatzaileek han erabakiko dute zeintzuk izango diren selekzioarekin Munduko Txapelketara joango direnak, eta hasierako helburua talde horretan egotea da. Ourensen egindako lana kontuan hartu dute hautatzaileek, baina, azken batean, Munduko Txapelketan 4x100eko lasterketa egingo dugu, eta Ourensen 200 metrokoan hartu dut esku. Hau da, Malagan azkarrenak direnak aukeratuko dituzte, eta bertarako gogor entrenatzea da asmoa". Calbanok ere urrun ikusten du Paris, baina aukera txiki bat egon daiteke: "Munduko Txapelketan eskuratu beharko du Espainiak Olinpiar Jokoetarako txartela, eta atletak sasoi onean ikusten ditut. Talde horretan egotea lortuz gero, batek daki...".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak