Martin Errasti Tatta (Arrasate, 1998) abeslariak ibilbide mamitsua izan du Euskal Herriko rap eszenan. Urteak pasa dira lehenengo abestia grabatu zuenetik, eta, geroztik, oholtzaz oholtza ibili da. Orain, lehen lan luzea argitaratu du.
Bazeneraman denbora bat singleak ateratzen eta kontzertuak eskaintzen; hurrengo pauso naturala diskoa argitaratzea zen?
Bai, artista moduan gogoa nuen lan irmoago bat ateratzeko. Singleak bata bestearen atzetik ateratzen ibili naiz, horrenbeste ez diren arren, baina artista zein pertsona moduan lan luze bat atera nahi nuen. Singleak ondo daude, baina lan luzeek artista modura definitzeko balio dute. Modu horretan, jendeak zein naizen ikusteko aukera izango du. Azkenean, horrela izan da, eta pozik nago.
Martin izena darama diskoak; zuretzat oso pertsonala izan den seinalea da hori?
Beste izen batzuk ere izan nituen buruan, baina hainbat aldaketaren ostean Martin izenarekin gelditzea erabaki nuen. Nahiko pertsonala zela sentitzen nuen, eta lehen diskoa izanda egokia zela pentsatu. Tatta naizen arren, Martin ere banaiz; artista idealizatzeko joera izaten dugu, baina jende normala gara.
Disko hori inflexio puntu bezala nabari duzu?
Ez dakit maila orokor batean inflexio puntu bat izango den, hori ikusi egin beharko da, baina niretzat, artista eta sortzaile moduan, bai izan da. Disko horrekin garbi gelditu zait musikari gogor eman nahi diodala eta, ahal bada, horretatik bizitzea gustatuko litzaidakeela. Gainera, profesionaltasun puntu bat ere nabari da bertan.
Gai sakonak lantzen dituzu diskoan; nondik dator inspirazioa horrelako kantuak sortzeko?
Egia da gai sakonak direla, baina guztiak ez dira niri gertatutako gauzak. Lagunekin batera idatzi ohi dut, eta letrak partekatzen ditugu. Kontatzen ditudanak niri zein ingurukoei gertatutakoak dira; denetik dago. Gainera, kanta sakonak dira, baina norberak interpretazio ezberdin bat eman diezaieke, eta hori garrantzitsua da.
Diskoan estilo ezberdin asko nabari dira; zergatik hautu hori?
Rap kantaritzat dut neure burua, baina norbera nekatu egiten da beti berdina egiteaz. Beste musika eta erritmo mota batzuekin esperimentatzea beharrezkoa da. Diskoan, besteak beste, bachata, reggaetona, trapa, rapa zein akustikoa uztarturik agertzen dira. Esango nuke horrek jendearengan eragina izango duela estilo kontutik harago hori finean musika dela jabetzeko.
Diskoaren azalean dinosaurio baten hezurdura ageri da; zer nahi izan duzu adierazi honekin?
Azalaren eta tituluaren kontua nahiko korapilatsua izan da. Azalaren kasuan, hiruzpalau bertsio ezbedin izan ditugu. Lagun batek egin zuen dinosaurioaren hezurdura, eta behin honekin aurrera egitea erabaki genuenean bete genuen edukiz. Niretzat aurrez aipatu dugun inflexio puntuaren adierazle da, hezurdurak aurreko etapa isladatzen du, eta aurrera jarraitu beharra.
Hodei Vicario Denso izan da ekoizlea; zer moduz moldatu zarete?
Oso ondo. Densorekin lan egitea plazer hutsa da, beti oso gustura ibili naiz harekin. Ondo ulertzen dugu elkar. Beste ekoizle batzuekin ibili naizen arren, ondoen harekin moldatu naiz. Sormen aspektuan ere ikaragarria da, beti du zerbait esateko, zerbait hobetzeko. Batzuetan perfekzionistegia ere izan daiteke, baina hori nabaritu egiten da azken emaitzan.
Beste hainbat lagun ere izan dituzu inguruan.
Bai, diskoan lagunekin kolaboratu dut bakarrik. Denok batera egiten dugu musika. Adibidez, Fane estudian badago abesti bat egiten, guztiok gaude bere ondoan ideiak ematen. Horregatik egin dut lagunekin, modu horretan eginda produktu organiko bat ateratzen delako. Oso gustura egin dugu lan.
Punka nagusi izan da gaur arte Euskal Herrian, baina estilo berrien agerpenarekin eszena irauli da. Nola ikusten duzu egungo panorama musikala Euskal Herrian? Eta Debagoienean?
Ni punk entzulea izandakoa naiz. Horrekin hazi gara, batik bat Arrasaten, eta hori barneratu izanak eragina izan du nigan. Esango nuke trapak eta punkak pentsaera aspektuan ideia komun batzuk dituztela, nahiz eta musikalki oso ezberdinak izan. Janzkera ere antzekoa izan daiteke kasu batzuetan. Panoraman gertatu dena eboluzio bat izan da finean, eta beharrezkoa zen. Baliteke gure kulturara gauza hauek heltzea kostatu izana, baina gu heldu gara, musika hau egiten duten beste hainbat pertsonarekin batera. Garrantzitsuena profesionaltasuna eta kalitatea ez galtzea da, eta aspektu horietan ondo gabiltza. Debagoienean ere jende ona dabil irteten. Denborarekin neska-mutil gehiago hasiko dira estilo honetako musika egiten, eta esfortzu bat egiten dutenei helduko zaie saria. Hemen, gainera, zorte asko dugu kontzertu kantitatearekin, eta hori oso garrantzitsua da artistak ezagutzera ematerako orduan.
Bira bat ere egitekoa zara; ze asmo duzu bira horrekin?
Oraindik data gutxi batzuk iragarri ditugu, baina esan dezaket lehen kontzertua Madrilen izango dela. Gainontzekoak laster iragarriko ditugu, baina iragarri aurretik jendeari denbora pixka bat eman nahi genion, diskoa entzuteko denbora izan zezan. Martxo eta apiril artean izango da bira. Zuzenekoetan ere salto bat eman nahi dugu. Instrumentuak sartuko ditugu, gitarra bat eta pare bat teklatu. Horrez gain, argi-show bat ere prestatzen gabiltza. Aldaketa asko igarriko delakoan nago. Gogotsu gaude, eta ondo joango den esperantzarekin.
Debagoienean joko duzue?
Debagoienean data bat izango dugu, baina oraindik ezin dut ezer esan honen inguruan. Dena den, uda laster helduko da, eta deitzen bagaituzte jaietan jotzeko prest egongo ginateke, ea hala den.