Ikerlanen izan da Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Koldo Peciña Proiektu Estrategikoetako zuzendariarekin batera, eta, zentroko laborategiak eta ekipamenduak ezagutzeaz gain, proiektuak eta lan ildoak partekatu dituzte. "Gipuzkoak jakin du I+G+b sare dinamiko eta dibertsifikatua josten, eta Ikerlan bezalako zentroek egiten duten lana ezinbestekoa da ongizatera bideratzen den eta iraunkorra, lehiakorra, berritzailea eta aukerak eta kalitatezko enplegua sortzen dituen ekonomia izaten jarraitzeko. Gure I+G+b zentroek sortzen dituzten teknologia eta ezagutza inoiz baino beharrezkoagoak dira".
Horrez gain, Mendozak nabarmendu du zentroak lantzen dituen esparruak "guztiz lerrokatuta" daudela Gipuzkoako Foru Aldundia lurraldearen "etorkizuneko ekonomia eraikitzeko sustatzen ari den proiektuarekin": "Teknologia kuantikoak, zibersegurtasuna ZIURekin edo mugikortasun adimendun eta iraunkorra MUBILekin; eta ekosistema horren parte da Ikerlan". Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendariak, berriz, lankidetzaren garrantziaz hitz egin du: "Inportantea da ikerketa sustatzeko gure sare sozio-enpresarialaren lehiakortasunerako eta talentua eta teknologia lurraldeko enpresetara erakarri, garatu eta transferitzeko, gakoak diren lan esparru komunetan".