Pozik sariarekin?
Liburua oso polita da, eta ilusioa egin zidan. Zalantza apur bat baneukan, ez nintzen oso seguru aurkeztu, baina asko motibatzen nau liburua itzultzeak.
Aurrez ibilia zara lehiaketetan?
Itzultzaile Elkarteak duen Literatur Unibertsala lehiaketara aurkeztu izan naiz, bai, baina Jokin Zaitegin aurkeztu naizen lehen aldia izan da.
Trilogia norvegieraz idatzita dago; zuk zein hizkuntzatik egingo duzu euskarazkoa?
Zubi-hizkuntzak erabiliko ditut, ez baitakit norvegieraz. Lehiaketaren oinarrietan bazuten aurreikusia ez zela norvegieratik euskarara itzulpenak egiteko gai izango zen itzultzaile askorik egongo, eta zubi-hizkuntzak erabiltzeko aukera eman zuten. Nik ingelesa eta gaztelania erabiliko ditut.
Nolakoa izaten da prozesua? Teknologia erabiltzen duzu?
Bi hizkuntzatan idatzita dagoena begiratzen dut eta euskarara itzultzen dut. Ez dut itzultzaile neuronalik eta horrelakorik erabiltzen; literatura itzultzeko ez zait iruditzen horiek erabiltzen direnik. Egia da zubi-hizkuntzak erabilita, agian, norvegierazkoa kontsultatzeko erabiliko dudala, baina, hasiera batean, ez.
Bi hizkuntza erabiltzeak lagunduko dizu itzulpen fidelagoa egiten?
Kasu honetan, jatorrizko hizkuntza ez jakinda, bi hizkuntza erabiltzeak fidagarritasun handiagoa ematen du.
Beldurrik ematen du beste itzultzaile baten testuak izatea oinarri?
Azkenean, beste itzultzaile baten erabakiak daude hor atzean. Ni itzultzen ari naiz beste bi itzultzailek idatzitakoa, baina fidatu egin behar duzu. Eta, beste alde batetik, egia da gaur egun asko baloratzen dela jatorrizko hizkuntzatik itzultzea, baina, benetan, zubi-hizkuntzak erabiltzearena oso normala da eta denbora guztian egiten da. Oraintxe bertan atera da Literatura Unibertsalean Arrabioen Gerra, Karol Capek txekiarraren liburua, eta Koro Navarrok itzulia, eta ingeleseko eta frantseseko bertsioak erabili ditu. Zubi-hizkuntzek ahalbidetzen dute euskarara hainbat liburu itzultzea; bestela, ezingo genuke.
Nolakoa da Trilogia? Gustura ari zara?
Liburu bakoitzak ditu bere ezaugarriak, eta aurrera egiten duzun heinean hartzen diozu tamaina estiloari, idazteko moduari… Trilogia-k oso idazkera partikularra du. Esaldi motzak dira, oso era jarraian idatzita, ematen du bakarrizketa bat dela, paragrafoak bereizi gabe… Horretara ere ohitu behar duzu pixka bat, eta hasierako orrietan, ba, agian, kosta egiten da idazlearengan hurbiltzea, baina aurrera egin ahala hartzen diozu tamaina.
Erosoa egingo zaizu?
Itzultzailearen lana da edozein idazleren idazkerara moldatu eta imitatzen saiatzea, ez zurea inposatzea. Itzultzaile gisa moldatu egin behar duzu. Berridazketa bat da, hizkuntza batean dagoena zurera botatzea. Ahalik eta gertuen, baina behar bezain urrutien. Itzultzea asko gustatzen zait.
Itzulpengintza nola dago?
Itzulpen literarioaren panorama orokorra analizatzeko gauza ez naiz, baina esan dezakedana da azken urteetan, behintzat, asko itzuli dela eta oso literatura itzuli ona dela; itzultzaile bikainak ditugu. Orain dela gutxi, Moby Dick atera zen, sekulako itzulpen batean