Arrasateko Udal Gobernu Taldeak '2023-2027 Gobernu Plana' aurkeztuko du otsailaren 19an

Gontzal Belategi Zubia 2024ko ots. 16a, 10:01

Udal Gobernu Taldea udaletxean. Argazkia: Arrasateko Udala

Otsailaren 19an izango da aurkezpen nagusia, Kulturateko klaustroetan, eta hilaren 20tik aurrera auzoz auzo aurkeztuko dute plana.

Otsailaren 19an aurkeztuko du Udal Gobernu Taldeak 2023-2027 Gobernu Plana. Aurkezpen ekitaldi nagusia 18:00etan izango da, Kulturateko klaustroetan. Ekitaldi horretaz gain, otsailaren 20tik aurrera herriko auzoetan aurkeztuko dute plana, auzotarren iritziak entzun ahal izateko. San Andresen otsailaren 20an izango da aurkezpena, Etxaluzen; Musakolan 21ean, jubilatuen etxean; Santa Marinan 22an, auzo-alkatetzan; eta Erguinen, berriz, 23an, auzo-alkatetzan. Auzoetako aurkezpen guztiak 18:00etan hasiko dira.

Planaren izena Guztion Arrasate da, eta 70 proiektu estrategikotik gora barnebiltzen ditu. Hauek lau ildo estrategikotan banatuta daude. Lehena, Gobernantza hurbila eta eraginkorra da, gobernantza eredu parte hartzaileago bat lortzeko espazioak eta bitartekoak sortzeko proposamenak biltzen dituena. Udal baliabideen eta antolaketa ereduen inguruko hausnarketa ere aurreikusten ditu ildo honek. Bigarren ildoa Bizitzeko Herria deitzen da, hirigintza ereduak egunerokoan zein mugikortasunean duen eragina aztertu eta Arrasate herri eroso eta irisgarri bat bilakatzeko proposamenak jasotzen dituena. Hurrengo ildoa Oinarri komunitarioa duen herria da, eta herritarren arteko aukera berdintasuna bilatzen du, komunitate saretu bat izatearen helburuarekin. Azkenik, Herri aktibo eta ekintzailearen ildoa dago, eragile ezberdinen arteko elkarlana bilatu asmoz, herri bizi bati erantzuteko ekimenak barnebiltzen dituena.

Plana publiko egitea gardentasun ariketa modura izendatu dute gobernu taldeko kideek, modu horretan herritarrek haren betetze mailari jarraipena egiteko aukera izango dutela iritzita. Dokumentua, gida bezala baino, herriarekin sinatu nahi duten hitzarmen bezala ikusten dutela adierazi dute udal ordezkariek, "aurrera egiteko eta herri hobea izateko, ezinbestekoa izango delako Udalaren, herritarren eta eragile sozial eta ekonomikoen arteko lankidetza indartzea”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak