LABek salatu duenez, "langileen baja medikoak kontrolatzeko" enpresa bat kontratatzea erabaki du Ausolanek, baina sindikatuak uste du enpresa horiek "ez dutela inolako onurarik edo laguntzarik ematen": "Kontrolatzeko eta langileei beldurra eragiteko baino ez dira, iruzurren susmagarritzat hartzen gaituztelako". Areago, erantsi du Osakidetzako eta Osasunbideako medikuen "aurka" ere egiten dutela, "haien profesionaltasunaz ez direlako fidatzen". Bidalitako dokumentuan, gainera, azpimarratu du "zehaztugabetasun batzuk" daudela, eta ez direla "egiak".
Sindikatuak azpimarratu duenez, era honetako enpresek telefonoz egiten dute lehen harremana, baina beharginak "ez daude behartuta horrelako enpresei euren datuak ematera", eta "are gutxiago" datu medikoak. Horrez gain, erantsi duenez, hitzordu bat zehaztuz gero, joatera "behartuta" daude, gerturatu ezean "osagarria ken" diezaieketela uste baitute. Are gehiago, nabarmendu du enpresako medikua ezin dela langileen etxean sartu, eta beharginek medikuei egiaztapena eskatzeko aukera dutela. Halere, enpresako osasun profesionalarekin egonez gero, behargina ez dago behartuta hark zehaztutako tratamendua onartzera. "Antolatzeko eta gure desadostasuna adierazteko garaia da. Hobe lukete prebentzioan aritzea eta gure lan baldintzak hobetzea, enpresa mota horiek kontratatzeko dirua gastatzea baino".