'Arnasa betean' dokumentala botako dute Amaia Antzokian

Gontzal Belategi Zubia 2024ko ots. 13a, 14:37

Emakume Txokoak eta Arrasateko Udaleko Kultura Sailak elkarlanean 'Arnasa betean' dokumentalaren emanaldia egingo dute otsailaren 27an, Amaia Antzokian. Bertha Gaztelumendi Caballero eta Rosa Zufia Sanz dokumentalaren zuzendariak bertan izango dira.

Emakume zinemagileen ahotsak jasotzen dituen Arnasa betean dokumentala botako dute otsailaren 27an, Amaia Antzokian. 19:30etan hasiko da Emakume Txokoak eta Arrasateko Udaleko Kultura Sailak elkarlanean antolatutako emanaldia. Zuzendari lanetan ibili diren Bertha Gaztelumendi Caballero eta Rosa Zufia Sanz ere bertan izango dira, filmaren nondik norakoak azalduz.

Donostiako zinemaldian aurkeztu zuten lehenengoz  dokumentala, eta harrera ona izan du ikusleen zein kritikaren aldetik. Filmak atzoko eta gaurko euskal emakume zinemagileen inguruan dihardu, hauei ahotsa emanaz eta zuzendu dituzten filmetan zehar tratatutako gaiak, pertsonaiak, begirada, ametsak, aurrera ateratzeko ahaleginak eta gizarteari eginiko ekarpenak jorratuz. 19 zinemagilek hartu dute parte dokumentalean: Leire Apellaniz, Maddi Barber, Ana Díez, Arantxa Echevarria, María Elorza, Iratxe Fresneda, Isabel Herguera, Lara Izagirre, Marina Lameiro, Ana Murugarren, Maider Oleaga, Izibene Oñederra, Maite Ruiz de Austri, Alauda Ruiz de Azúa, Arantza Santesteban, Helena Taberna, Esti Urresola, Bego Vicario eta Mireia Gabilondo bergararra. Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko ikertzailea ere agertzen da bertan. Hiru urpekariren itsasazpiko bidaiak gidatzen du ikuslea zinemagileen hitzen artean.

Zinema emakumeen ikuspuntutik

Dokumentalaren asmoa emakumeek zinema bizi duten modua eta hauen zinemaren unibertsoa azaltzea da, lanbide honen barruan eskubide berdintasuna aldarrikatzearekin batera. Zuzendariek adierazi dutenez, filma omenaldi bat ere bada: "Zinea emakumeak gehien falta izan diren arteetako bat da. Hala ere, azken hamarkadetan gehiago dira zineman arrastoa utzi duten emakumeak, eta arrasto hori da, hain zuzen ere, proiektu honi ekitean bilatzen genuena. Emakumeek egindako zinearen eztanda-une honetan, zinemagileek iraganean egindako lana omendu nahi dugu, haien lorpenak orainaldian ospatu eta haiekin batera etorkizunean amets egin."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak