Zer ikusi ahal izango dugu erakusketan?
Hari-txotxongiloak, hainbat estetikarekin: japoniarrak, txinatarrak, afrikar estilokoak... Denak nik eginak. Txotxongilo surrealistak dira, onirikoak. Gizakiari eta ametsen munduari buruzko gogoetak egiten dituzte.
45 urte daramatzazu txotxongiloak egiten; nola eboluzionatu du txotxongiloak egiteko moduak?
Asko eta azkar. Ni neu nire jatorrira itzultzen ari naiz, eta, alde horretatik, sinpletasuna bilatzen dut. Txotxongilo bakoitzak emozio bat adierazi nahi du, ikusleari begira. Helburua da erritmo eta mugimendu batzuen bidez, eta, nire kasuan, txotxongilo baten bidez, emozioak transmititzea.
Nola sortzen duzu txotxongilo bat?
Lehenik, pertsonaia bati buruzko ideia bat sortzen da, existitu daitekeena edo ez. Gero, txotxongilo horrekin kontatu nahi dudala erabakitzen dut, eta, gero, pertsonaia horrek behar dituen mugimenduak zehazten joaten naiz. Txotxongilo guztiak desberdinak dira. Mugimendu desberdinak dituzte. 45 urte hauetan, ez ditut inoiz bi txotxongilo berdin egin. Ez nuke jakingo zenbat egin ditudan esaten, baina badakit denak desberdinak
izan direla.
Mugimenduek harrapatzen dute
ikuslea?
Bai. Mugimenduekin kontatzen dut istorioa, eta ikusleak jakin-mina du nola egingo dudan jakiteko. Haurrei zein helduei gustatzen zaie. Belaunaldien artekoa da.
Bisita gidatuak egingo dituzu hilaren 16an eta 23an; nolakoak izango dira?
Bi egun horiek publiko orokorrarentzat izango dira. Txotxongilo batzuen istorioa kontatuko dizuet, etortzen den jendearen profilaren arabera. Bi egun horietarako, aurrez eman behar da izena, kultura@arrasate.eus helbidean. Gainera, tailerrak eta bisita gidatuak egingo ditut eskoletako umeekin, txotxongilo bat nola eraiki daitekeen ikus dezaten.