'Tortura Arrasaten, genero ikuspegitik' liburua aurkeztuko dute otsailaren 14an

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 31a, 10:26

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak antolatuta, Arrasateko zortzi emakumeren testigantzak jasotzen dituen lana aurkeztuko dute Kulturateko areto nagusian. Juan Ramon Garai, Nekane Ayensa eta Iñaki Barrutiak ondu dute liburua.

Tortura Arrasaten, genero ikuspegitik liburua aurkeztuko dute otsailaren 14an, 18:30ean, Kulturateko areto nagusian, Intxorta 1937 Kultur Elkartearen eskutik. Arrasateko zortzi emakumeren testigantzak jasotzen dituen lana da. "Haien bizipenak entzun ditugu, eta adierazpen paragrafo batzuk aukeratu ostean, gorpu teorikoa bat osatu dugu testigantzak kokatzeko".

Liburuaren egileek nabarmendu dute torturak generoa duela. "Emakumeak torturatu dituzte era fisikoan, psikologikoan eta sexistan. Estatuko botereek agerian uzten dituzten laidoen, beldurraren eta larderiaren deskribapen lotsagabeak ematen dituzte askatasuna kendu dieten emakumeei egindako elkarrizketek", diote, zera gaineratuz: "Emakumeen narratiban, tortura ekintzak hasten dira, askotan, arbitrarioa den atxiloketaren unean bertan, eta denbora asko behar izaten da atzipenetik epailearen esku jarri arte. Atzerapen horrek eraso fisikoak, psikologikoak eta sexualak errazten zituen".

Estatuko agenteek erabilitako metodoen artean, liburuko protagonisten esanetan, honako hauek zeuden: plastikozko poltsekin egindako erdi-itolarriak, gorputz osoan egindako kolpeak eta ostikoak, mehatxu fisikoak eta sexualak, Estatuko agenteen aurrean nahitaez biluzik egotea, umiliazioak, agenteek iskanbilaka egindako ukituak, eta objektuekin egindako bortxaketak eta abar.

Testigantzak, idatzita

Sexu-izaerako tortura gehienak ez dira salatzen, Garaik, Ayensak eta Barrutiak adierazi dutenez, "salaketa erregistratzeaz arduratzen diren agintariak tortura berorretan inplikatutako parte" direlako. "Estamentuak, medikua, juridikoa eta poliziala, bat etortzea oztopo bat da salaketa egiteko edo eraginkorra izateko. Izaera sexualeko torturek, batzuetan, ez dute arrasto edo zeinu fisikorik uzten, eta horrek zaildu egiten du tortura horien existentzia agerian uztea; haien kaltea, funtsean, psikologikoa da, eta torturatuaren testigantzan oinarritzen da, eta horrek zaildu egiten du tortura hori aitortzea", azpimarratu dute. "Guk benetako justizia lortuko dugu? Ez dakigu, baina, badaezpada dena idatzita utziko dugu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak