Antropologo baten adimenaren barruko bidaia bat bizitzeko aukera izango dute arrasatearrek domekan, hilaren 28an, Amaia antzokian; izan ere, Buho izeneko antzezlana eskainiko dute han. 19:30ean hasiko da antzezlana, eta oraindik sarrerak salgai daude, hamar euroren truke, Arrasateko Udalaren sarreren salmentaren webgune ofizialean: Amaiaarrasate.janto.es.
Buho antzezlanak paleolitoko aztarnategietan espezializatutako antropologo forentse Pabloren egoera jorratzen du. Amnesia larria eragiten dion iktusa izan zuen, eta haren oroimenean zehar barne-bilaketa bat egiten ari direla erakutsiko du antzezlanak. Haren oroitzapenak, azken batean, beraren nortasuna, berreskuratzen saiatzeko. Espeleologo errealen esperientzia eta ezagutzak eta antzeko afekzioak dituzten pazienteen testigantzetan oinarritzen da antzerki-fikzioa. Gainera, ikusmen ahalmen handiko emanaldi bat bezala da.
Diego Lorca eta Pako Merino dira antzezlanaren zuzendariak eta interpretazioaz arduratu direnak –Lorcak antzezlanaren gidoia ere idatzi du–, eta antzezlana prestatu ahal izateko ikerketa-lan sakona egin zutela adierazi dute: "Gure sorkuntza guztietan bezala, hainbat hilabete bilaketa handi batean murgiltzeko adinako jakin-min eta obsesio puntu bat sortuko diguten gaiak edo ideiak bilatzen ditugu. Kasu honetan, bi oinarri nagusi ditugu abiapuntutzat: bata, memoria, identitatearen funtsezko oinarri gisa; eta bestea, lurpea". Gainera, antzezlana ikustera joatea gomendatu dute: "Gure ohiko narratiban eboluzio batez gozatzeko aukera izango dute. Buho zentzumen-eztanda bat da giza adimenean zehar, non ikusezina dena agertzen den. Ikusleak bidaia bat egingo du Pabloren adimenaren barnera, baina, sinergia dela eta, oroitzapen indibidual eta kolektiboak ere bisitatuko ditu gure espeziearen hasieratik".
Hogei urte baino gehiago
Lorcak eta Merinok Parisko Jacques Lecoq antzerki-eskolan ezagutu zuten elkar, eta ordutik dihardute batera lanean. Duela 20 urte baino gehiago sortu zuten Titzina antzerki konpainia, eta, harrezkero, antzerki mota berritzaile baten aldeko apustua egitea izan da haien nahia: "Titzina beste antzerki mota batekin identifikatzen da, haren zigiluarekin, hausnarketara gonbidatzen duena. Ikusleari gauzak birplantearazten dizkio".