Hilabete barru bukatuko dituzte urbanizazio lanak

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 26a, 13:37

Langileak, atzo, zoladura berritzeko lanetan.

Fagor San Andres eremua urbanizatzeko lanak joan den udan hasi zituzten, eta, ondo bidean, otsail amaierarako bukatuko dituzte; errepideko zoladura eta espaloiak berritzeaz gain, atsedenleku bat egokituko dute, baita autobus geltoki bat ere.

Arrasateko udalbatzak 2022ko apirilean onartu zuen Fagor San Andres eremuko Hiri-antolamenduko Plan Berezia, eta 2023ko udan hasi zituzten urbanizazio lanak. Dagoeneko aurreratuta dituzte, eta otsail amaierarako bukatzea aurreikusten du Ekidek, obra kudeatzen ari den enpresak. Hainbat esku-hartze egiten ari dira eremuan, eta proiektuak "espazio publikoa handitzea" ahalbidetuko duela diote.

980.000 euroko aurrekontua dute lanek eta, nagusiki, bi errepidetan egingo dituzte esku-hartzeak: batetik, Takoloko biribilgunetik Txapimerainoko eremuan; eta, bestetik, Fagor San Andres atzeko errepidean. Bi guneetan errepideko zoladura eta espaloia berrituko dituzte, eta azpiegitura orokorrak ere bai: estoldak eta argiteria publikoa, besteak beste.

Era berean, Fagor San Andres atzeko errepidea zabaldu egingo dute eta bidegorritik bereizteko zintarriak berritu egingo dituzte. Horrekin batera, gune hartan hainbat aparkaleku egitea ere jasotzen du proiektuak.

Takoloko biribilgunetik Txapimerainoko eremuan, espaloiak zabaltzeaz gain, atsedenleku bat ere egokituko dute. Lan horien baitan, hainbat zuhaitz bota dituzte –ezkiak–, eta horien ordez beste zuhaitz batzuk landatuko dituzte; hala, eremu berde bat egokituko dute. Horrekin batera, hiru banku eta bi zaborrontzi berri ere jarriko dituzte, eta, gutxienez, bi metroko zabalera duen espazioa lortu gura dute espaloian, irisgarritasuna bermatzeko. Azkenik, autobus geltoki bat ere egingo dute, Fagor Etxetresnen lantegi zaharraren parean.

Halaber, Aramaio errekako presa txiki bat botatzea ere jasotzen du planak, Uraren Euskal Agentziak hala exijituta. Takoloko biribilgunetik gertu dagoen presa da, hain zuzen, botako dutena, "baldintza hidraulikoak hobetu eta errekaren ibilgua erraztea" helburu hartuta.

Lursaila, Ekide Group-ena

2022an, Ekide Groupek San Andresko Fagor Etxetresnen lantegi zaharra erosi zuen, hamabost milioi euroko inbertsioa eginda. Hala, lantegi zaharra berritzeko lanak ere martxan dituzte –2025erako bukatzea aurreikusten du Ekide Groupek–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak