Otsaila amaieran aurreratu bezala, Ekide Groupek egoitza berria izango du 2023tik aurrera. "Hazkunde planei lotutako hedapen-plan" betean, Fagor Etxetresna Elektrikoen lantegi zaharra erosi du enpresa arrasatearrak 15 milioi euroren truke; Markuleteko egoitza utzi eta "jarduera guztia" San Andresera lekualdatuko dute, beraz.
Ingeniaritza eta fabrikazioa, kontrol-tresnak zein ikusmen artifiziala eta robotikoa dira Ekideren lan-ildo nagusiak, eta inbertsio honekin, arduradunek "balio erantsi handiko ekoizpena" garatzea dute helburu. Aldaketa, baina, ez da egun batetik besterakoa izango. Aurten "eraberritze eta egokitzapen" lanak egingo dituzte, eta modu "progresiboan", datorren urtean zehar egingo dute behin betiko lekualdatzea.
80 lanpostu berri
"Industria-gaitasuna handitzeko" baliabideak izango dituztela aurreikusten dute arduradunek. Hala, eta eskualdean enplegua sortzea "lehentasunezko" helburu gisa hartuta, datozen lau urteetan 80 lanpostu berri sortuko dituztela adierazi dute prentsa ohar bidez. Egun 225 langile ditu, eta Arrasaten, Bizkaian, Mexikon eta Txinan dituen lantokiak aintzat hartuta, 2021ean "35 milioi euro inguru" fakturatu zituen.