1969an sortu zen Eibarren Dikar enpresa, Mendi S.Coop eta Jukar erakundeek bat egin zutenean. 1980an Ego Ibaiaren ertza utzi eta Deba Ibaiaren magalera hurbildu ziren, Bergarara. Lau hamarkadatik gora egin dute bertan, eta datorren urtean "mugarri berria" ezarriko dute kooperatibaren historian: errekan gora, Arrasateko Garagartza auzora eramango dute jardueraren "zati handiena".
Joan zen astean erosi zuen Mondragon taldeko kooperatibak 72.000 metro koadroko industria nabea, 2019ko azarotik hutsik zegoen instalazioa. Ehizaren, kirol tiraketaren eta aire zabaleko kirolaren sektoreetarako produktuak sortzen ditu egun Dikarrek –2021ean salmenta bolumena 90 milioi eurotik gorakoa izan zen–, eta aldaketa honekin "hazten eta enplegua sortzen" jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute. Bergarako instalazioak eta Estatu Batuetan zein Portugalen dituen filialak batuta, 300 langiletik gora ditu gaur egun.
Ekide, Markuletetik San Andresera
Dikar ez da izango, baina, epe laburrean leku aldaketa egingo duen bailarako enpresa bakarra. Ekidek San Andres auzoan 57.000 metro karratuko instalazioa erosi berri du, Fagor Etxetresna Elektrikoen industria-nabearen zati bat, hain zuzen. "Egokitzapen-fase bat" hasi dute, jarduera "hurrengo ekitaldian" lekualdatu asmoz.