2.000 bazkideko langa gainditu du Besaidek

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 26a, 11:15

Besaide Mendizale Elkartearen batzar orokorra, Kulturaten, joan den astean. (Argazkia: Besaide).

Batzar orokorra egin du Besaide Mendizale Elkarteak, eta, 2024ko aurrekontua onartzearekin batera, finkatuta geratu dira aurten egingo dituzten irteerak eta ekintzak; nabarmentzekoa da, era berean, elkarteak daukan bazkide kopurua: 2.050.

Batzar orokorra egin du Besaide Mendizale Elkarteak eta 2024ko aurrekontua onartu du. "Urteko balantzean, galera txiki batzuk izan ditugu, eski irteeretako prezioak asko garestitu direlako, baina moldaketa batzuk egin ditugu eta espero dugu urtea galera barik amaitzea", azaldu du Olatz Igartuak, elkarteko presidenteak. Moldaketa horietako bat da, esaterako, urteko kuota euro bat igotzea –2011tik ez dute igo–. Hala, helduena hamabost euro izango da, gazteena hamar eta haurrena zortzi. "Bazkideei ez die hainbeste eragingo eta elkartearentzat diru-sarrera bat gehiago da".

Bazkide kopuruari dagokienez, 2.000ko langa pasa du aurten, lehenengoz, elkarteak. Izan ere, 2.050 dira dagoeneko, eta hori "oso albiste pozgarria" dela dio presidenteak. Edozelan ere, ate guztiak zabalik dituztela azpimarratu du, eta, bereziki, gazteei dei egin die taldera batzeko eta gauzak antolatzeko. "Taldea zahartzen doa eta belaunaldi berriak behar ditugu".

Urtebete presidente karguan

Zuzendaritza batzordea iaz aldatu zuten, eta, ondo bidean, lau urterako izango da. Hala, lehen urtean egindako lana ontzat eman du Igartuak. "Gauzak ikasten ari gara oraindik, eta aurrekoei galdetzen. Lanik ez zaigu falta izan, baina ondo egin ditugu gauzak, eta ea bigarrenean hobetzerik dugun". Hura ere gustura ari dela dio: "Batzordeko lana ezagutzen nuen aurrez, baina presidente izatea beste ardura bat da. Edozelan ere, pozik nago".

Askotariko irteerak eta ekintzak

Urteko ekintzei erreparatuta, espeleologia ikastaroa egitekoak ziren otsailaren 10ean, baina atzeratu egin behar izan dute. "Arrasaten, lehen, bazegoen espeleologia talde bat, eta, desagertu egin zen arren, espeleologo batzuek euren kabuz jarraitu zuten lanean. Haiek jarri ziren gurekin harremanetan, ikastaro bat egin gura zutela esanez, euren taldea osatzeko asmoz. Hala ere, bidean arazo batzuk izan dituzte eta otsailaren 10erako ez dira helduko", dio Igartuak. Beraz, udaberrirako egiteko moduan egongo direla uste dute. "Jende asko ari zaigu galdezka. Beraz, lotu bezain pronto jakinaraziko dugu data berria".

Era berean, gazteentzako asteburuko irteera bat antolatzen ari da elkartea. "Lehen, beti egiten ziren gazteentzako irteerak, baina, urteek aurrera egin ahala, gazte horiek zahartzen joan dira eta gazte gutxi animatu izan dira. Horri buelta eman guran, iaz planteatu genuen gazteentzako irteera bat, baina ez zen aurrera irten, eta aurten lortu dugu taldetxo bat sortzea irteera hori antolatzeko". Hain zuzen ere, ekainaren 14an egingo dute bidaia, Pirinioetara.

Halaber, hileko irteerak ere egingo dituzte: otsailekoan Andoainera joango dira, Orbara mendira, eta eguna sagardotegian borobilduko dute. Ondorengo irteerak honako hauek izango dira, besteak beste: Etxarri-Aranazko Trikuharrien Bidea, Kodes mendilerroa eta Nafarroako Guratz mendia izango dira.

Udalatxera igoera berezia

2024ak Euskal Mendizale Federazioaren 100. urteurrena ere badakar bere baitan, eta Besaidek bat egingo du horrekin, Udalatxera irteera berezi bat eginda. Apirilaren 27ko asteburuan izango da, baina oraindik ez dute zehaztu eguna. "Seguruenik, ez da izango Udalatik igo eta jaitsi, baizik eta ibilbide luzeagoa. Tontorrean talde argazki bat aterako dugu, urteurreneko banderarekin, Federazioarekin partekatzeko".

Txartelak, digital

Federazioko txartelak dagoeneko jaso daitezke, Besaideren bulegoan, martitzen eta eguaztenetan, 19:30etik 20:30era. Halaber, Euskal Mendizale Federazioaren aplikazioak txartela deskargatzeko aukera ematen du, eta txartel fisikoaren baliokidea izango da. Horri lotuta, Igartuak azpimarratu du 2024a izango dela Besaideko bazkide txartela fisikoki egongo den azken urtea. "2025erako, seguruenik, digitalean bakarrik eskuratu ahal izango da".

Jorratutako beste hainbat kontu

Eskolarteko Finalista Eguna antolatzea egokitu zaio Besaideri, eta martxoaren 3an izango da. "250-300 umek hartuko dute parte, eta laguntza beharko dute hori guztia kudeatzeko".

Bestalde, komunikazio arloan eta sare sozialetan aurrerapausoak eman gura dituztela aurreratu du presidenteak.

Azkenik, 2024an ere, azken urteetan moduan, ingurumen arloan lanean jarraituko du Besaidek. Izan ere, beste koba bat garbitzea aurreikusten dutela dio Igartuak, oraindik zehaztu gabe badute ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak