Itsaspean murgiltzera, etxetik mugitu gabe

Hasier Larrea 2024ko urt. 20a, 10:23

Zikloan saritutako argazkietako bat, Kulturateko klaustroan ikusgai egongo dena (Luc Rooman).

CIMASUB jaialdia, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa, Arrasatera iritsiko da estreinakoz. Datozen hiru martitzenetan hainbat ikus-entzunezko proiektatuko dituzte Amaian. Kulturateko erakusketa eta Txikiziklo jarduera ere batzen ditu egitarauak.

Donostian sortu zen, 1975ean, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa, Urpeko Erregeak elkartearen ekimenez. "Urpekari talde horretako kideek itsasoa eta urpeko irudiak maite zituzten; hala, zinemaren eta argazkilaritzaren bitartez, gure ozeanoek ezkutatzen duten edertasun eta biodibertsitate guztia erakusten eta giza portaeraren ondoriozko egoera larriaren berri ematen jardun dute urte hauetan guztietan", azaldu dute zikloaren antolatzaileek.

CIMASUBek 47 edizio bete ditu jadanik, mundu osoko itsaspeko zinemaldirik luzeena bihurtu da, eta lehen aldiz ekarriko dute Arrasatera: "Hori dela eta, aukera paregabea da urpeko irudiaren profesional onenen argazkiez, film laburrez eta dokumentalez gozatzeko, bai kalitateari eta edertasunari dagokienez, bai sentsibilizazioari eta itsasoko ingurumen-hezkuntzari dagokienez".

Askotariko filmak

Kulturaten eta Amaia antzokian ikusi ahal izango dira itsaspeko paisaia harrigarriez jositako ikus-entzunezkoak. Askotariko dokumentalak eta eta film laburrak proiektatuko dituzte, urtarrilaren 23an, 30ean eta otsailaren 6an, 19:30ean hasita –doako sarrerak leihatiletan egongo dira eskuragai–. Urpeko Errege Elkarteko kideek adierazi dutenez, programazioak bi ikuspegi jarriko ditu aurrez aurre: "Alde batetik, arrantza-baliabideen gehiegizko ustiapen jasangaitza eta biodibertsitatearen desagerpena salatzen duten irudi zirraragarriak aurkeztuko dira; eta, bestetik, planetako zenbait lekutan oraindik ere existitzen diren unibertso harrigarrien ikuspegi baikorra".

Lan guztiek proposatuko dute itsas bidaiaren bat: "Floridako itsas belardietatik Indonesiako ozeanoaren sakoneraraino, koralezko arrezifeen kontserbazioaren garrantzia, espezie inbaditzaileen mehatxua Mediterraneoan, estresak bizitza modernoan duen eragina, eta bertako arrantzaleen eta marrazo baleen arteko harremana aztertuko dira, besteak beste. Narrazio liluragarrien bidez, publikoa gure itsas ekosistemen edertasunaren eta hauskortasunaren lekuko izango da".

Espezie bitxiak argazkitan

Era berean, aurtengo zikloan sarituak izan diren nazioarteko argazkiek ere hartuko dute protagonismoa; izan ere, Kulturateko klaustroan urpeko 24 irudi ikusgarriz gozatzeko aukera egongo da, urtarrilaren 23tik otsailaren 2ra: "Irudi horien bidez, espezie bitxi eta deigarrienak aurkeztuko dira; askotan, egoera arraro eta ezohikoetan". Erakusketa Gipuzkoako Aldundiko Iraunkortasun Sailaren eta Arrasateko Udalaren arteko elkarlanaren fruitua da, eta Urpeko Errege Elkarteak eta Donostiako Aquariumak babesten dute.

Neska-mutilentzako jarduerak

Gaztetxoen artean itsas mundua estimatzeko eta errespetatzeko ahalegina ere egiten du Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak, Txikiziklo ekimen hezitzailearen bidez. Funtsean, jardueraren helburua haurrak klima aldaketa arintzen eta itsaso eta ozeanoak salbatzen laguntzearen garrantziaz kontzientziatzea da. Txikizikloa otsailaren 6an antolatzeko asmoa dute, Amaia antzokian, 10:00etan. Inguruko ikastetxeetako LHko 5. eta 6. mailetako neska-mutilak dira bertan parte hartzekoak. Itsaspeko film laburren hitzaldiak eta ikustaldiak izango dituzte hizpide, Mater museoak eta Aquariumak gidatutakoak. Aurretik, gainera, material didaktikoa landuko dute ikasgeletan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak