25 hobari mota daude, lau aplikazio-eremutan banatuta: ondasun higiezinen gaineko zergak ordaintzeko hobariak, ibilgailuen zergak ordaintzeko hobariak, komertzio berriak sustatzeko hobariak eta obren gaineko zergak ordaintzeko hobariak. Joseba Ezpeletak Ogasun saileko zinegotziak azaldu du helburua progresibitatea ezartzea dela, baina "gai konplexua" izanik, "denbora luzea" beharko dela hori ezartzeko. "Bitartean, udalaren eskumenak diren tresnak erabiltzeko apustua egiten jarraituko dugu hobariekin, horiek baitira progresibitatera gerturatu gaitzakeen tresna eraginkorrenak gaur-gaurkoz".
Diru-sarrera txikiak dituztenei zergak eta tasak ordaintzen laguntzeaz gain, "hobariek hainbat politika sustatzeko edo errazteko" balio dutela adierazi du Ezpeletak. "Trantsizio ekologikoan urratsak emateko hobariak daude sustatu nahi diren politiken artean. Adibidez, ibilgailu elektrikoen edo hibridoen gaineko zergetan hobariak ezartzea, %95 eta %75ekoak, hurrenez hurren, energia berriztagarriak instalatzeko hobariak, edota energia berriztagarriak dituzten ondasun higiezinen gaineko zergetan".
Komertzio berrientzako hobariak
2024an zergak eta tasak ordaintzeko hobari berriak egongo dira, eta horien artean "berrikuntzarik nabarmenenak" dira komertzio berriak sustatzeko hobariak; "besteak beste, jarduera irekitzeko baimenean, lokalak jarduerara egokitzeko obretan edota zabor tasaren lehen hiru urteetan %95eko hobaria". Horrez gain, ur-tasaren kuota finkoa eta 50 metro kuborainoko kontsumoa ez dira ordainduko lehen hiru urteetan. "Neurri horiekin, helburua da negozio berrien iraunkortasuna eta egonkortasuna bermatzea".
Era berean, hobarietan bi lan-esparru berri gehitu dituzte, "helburu komunitarioak" dituztenak: "Alde batetik, indusketa lanak egiteko obretan %95eko hobaria izango da eta, bestetik, %50eko hobaria ere ezarri dugu Eusko Jaurlaritzak eraiki asmo duen osasun zentroarentzat".