Hainbat arrasatearrek egin dute bat deialdiarekin eta, ordu erdiko elkarretaratzearen ostean, manifestua irakurri dute Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokolo-ko kide Itxaro Artolak eta Iñaki Telleriak. "Kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa", salatu du Artolak.
Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko epaitegiaren sententzia izan da gaurko protestarako arrazoia. "Donostiako Udalak, udaltzainen lanpostuak egonkortzeko, egindako deialdiaren harira elkartu gara. Auzitegiak ebatzi du 'diskriminatzailea' dela udaltzain izateko euskara maila jakin bat eskatzea. Aurrez oldarraldi judizialaren baitan kokatutako Irungo sententzia darabilte epai berri hau justifikatzeko. Hau da, euskararen normalizazio prozesuaren joko-arau juridikoak aldatzen ari dira epaileak. Udaltzainek herritarrarekin duten harreman zuzena eta eginbeharren garrantzia kontuan izanik, udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatu ditzake", azpimarratu du, zera gaineratuz. "Etengabe esaten digute euskara zein gaztelania direla ofizialak EAEko eremuan, maila berean daudela. Aldiz, epaiak azpimarratzen du, Espainiako Konstituzioa oinarri, gaztelera dela hizkuntza ofiziala, herritar guztiek ezagutu behar dutena eta, euskara, berriz, 'koofiziala'. Bigarren mailako ofizialtasuna da euskararena eta, ondorioz, bigarren mailako herritar izatera kondenatzen gaituzte".
Euskararen normalizazioan oztopo diren epaiak
Halaber, "onartezina" iruditzen zaie "oldarraldi judizialaren" baitako epaiek lotzen duten "premisa faltsua". "Lan-eskubideak eta hizkuntza-eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. Auzia oso bestelakoa da: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntza eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne. Eta herritarren hizkuntza eskubideak, oinarrizko eskubide zibilak, bermatzeko modu bakarra administrazioa bere osotasunean elebiduna izatea da. Botere judizialetik hizkuntza-politika egiten jarraitzen dute, euskararen ofizialtasunaren ondorioak murriztuz eta herritarron eskubideen aurka", gaineratu du Telleriak.
Azkenik, diote, epai horiek euskararen normalizaziorako bidea egitea posible dela ukatzen dutela. "Larritasun honen aurrean, mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. Izan ere, auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan".