Danel Izurrategi: "Munduko Txapelketa irabaztea da nire ametsa"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urt. 12a, 10:01

Danel Izurrategi, Saioa karate klubean, eguazten arratsaldean.

Umetan karatea probatu, eta, ordutik, bizitzako zaletasun nagusitzat dauka Danel Izurrategik (Arrasate, 2006) karatea. 2023a urte oso ona izan zen gazte arrasatearrarendako eta etorkizuneko ametsa zein duen galdetuta, dio Munduko Txapelketa bat irabaztea edo finalerako sailkatuta zilarrezko domina lortzea dela. Oraingoz, brontzezko domina lortu zuen duela hilabete eta erdi Herbehereetan jokatutako Munduko Txapelketan.

Munduko Txapelketa baten brontzezko domina irabaztea izan da gazte arrasatearraren orain arteko lorpen handiena eta urrezkoa lortzeko eguneroko lanean jarraitu gura du. Saioa karate klubean hartu du GOIENA entrenamenduari ekin aurretik, jator eta eskertuta. 

Hasteko eta behin, nola zaude sasoi aldetik? Momentu ona bizi duzu?

Motibatuta banago eta uste dut hori dela garrantzitsuena. Hilabete barru, txapelketa garrantzitsu bat daukat, Europa mailakoa izango dena, eta hori prestatzen ari naiz buru-belarri. Hori da nire hurrengo erronka aipagarriena, Bartzelonan jokatuko den Europako Txapelketa hori.

Zein izan da karateko zure lorpen nagusia orain arte?

Herbehereetan jokatu zen Munduko Txapelketan lortutako brontzezko domina izan da nire orain arteko lorpen handiena. 16-17 urteko 60 kilotik beherako kategorian lortu nuen hirugarren izatea, gerora txapelduna izango zenaren aurka lehia estua izan ostean. Horrez gain, 2023ko martxoan Espainian urrezko domina lortu izana ere itzela izan zen. Denbora luzea egin nuen urrezko domina horren atzetik, eta, azkenean, lortu nuen. Bi domina horiek dira, oraingoz, nire ibilbideko esanguratsuenak.

Munduko Txapelketa. Hilabete eta erdi pasatu da ordutik... Nola gogoratzen duzu, egungo ikuspegitik?

Munduko Txapelketara joan aurretik, prestaketa, sakrifizio eta ilusio handia gogoratzen ditut. Arrasatetik beste hiru kiderekin joan nintzen, eta gogoan daukat sekulako gogoarekin joan ginela, ilusio handiarekin. Nire kasuan, hiru borrokaldi izan nituen: lehenean oso ondo aritu nintzen, bikain; merezimendu osoz irabazi nuen. Bigarren borrokaldia izan zen gogorrena; irabaztea lortu nuen, baina izugarri kostatu zitzaidan. Borrokalaria Kazakhstangoa zela gogoan daukat, eta azkenera arte lehia estua izan nuela. Gero, finalerdietako borrokaldia, hirugarrena zena, galdu egin nuen. Uste dut bigarren borrokalditik ez nintzela behar moduan errekuperatu, eta ahal nuena egin nuen. Hala ere, txapelketa modu orokorrean hartuta, pozik nago egindako lanarekin; igaro da denbora bat, eta orain, domina ikusterakoan, gehiago baloratzen dut. Oso harro nago.

Oso gaztea zara, baduzu zer hobetu oraindik... Zein da zure ametsa?

Nire ametsa zein den? Munduko Txapelketako urrezko domina edo, behintzat, finalera sailkatzea. Brontzezko domina badaukat; urrezkoa etxera ekartzea litzateke lorpen gorena. Badakit, hala ere, asko eskatzea dela, oso zaila. Eguneroko lana da gakoa. 

Bestalde, iaz, Arrasate Kirol Sarietan publikoaren saria jaso zuen Saioa karate klubak; poztuko zineten herritarren babesagatik...

Harro egoteko moduko aitortza bat da. Herritarren partetik botoa jaso izanak asko poztu gintuen. Aurrera jarraitzeko indarra ematen du.

Etorkizuna ikusten diozu karateari Arrasaten?

Argi dago kirol minoritarioa dela, eta oso zaila izango da hori aldatzea. Hala ere, gure klubean umeak badabiltza eta espero dugu adinean aurrera egin ahala karatean jarraituko dutela. Horrez gain, sentsazioa daukat herrian gero eta ospe hobea duela karateak... Etorkizuna ikusten diot, bai.

Entrenamenduei dagokienez, zein da zure egunerokoa?

Astelehenetik eguenera egunero izaten ditugu entrenamenduak, 19:30etik 20:45era. Gero, txapelketa baten atarian, egubakoitzean edo zapatu goizean ere entrenatu ohi gara. Ez ditugu ordu gehiago sartzen bakarrik, txapelketaren modalitatearen arabera entrenamenduak ezberdinak izaten dira. Izan ere, txapelketa bakoitzak bere berezitasunak ditu.

"Sakrifizioa esan nahi du karateak niretzat, ikuspegi onenetik irakurrita; oso gustura nabil"

Giro ona duzue klubean?

Adin askotariko borrokalariak gaude, eta hori aukera ona da ikasi eta esperientziak trukatzeko. Horrez gain, gure arteko harremana eta giroa oso onak dira; oso gustura etortzen naiz entrenatzera.

Nork kutsatu zizun karatearen harra? Noiz jantzi zenuen kimonoa lehen aldiz?

Osaba izan zen errudun nagusia, beti aritu izan da-eta karatean, kenpoan eta beste borroka arte batzuetan sartuta. Osabak nire aitari proposatu zion nik karatea probatzeko, eta halaxe eraman ninduten. Uste dut 5 urterekin jantzi nuela kimonoa lehen aldiz, eta ordutik karateari lotuta jarraitzen dut.

Zer da karatea zuretzat? Zer da egunerokoan ematen dizuna?

Karateak sakrifizioa esan nahi du niretzat, ikuspegi onenetik irakurrita. Eta, kirolaz harago, Arrasaten karatean ari garenon artean harremana estua da; gustura ibiltzen gara eta hori ezinbestekoa da burua motibatuta izateko.

Gomendatuko zenuke?

Inongo zalantza barik. Kirol moduan oso polita da eta niri, behintzat, lagun asko egiteko aukera eman dit. Ez da ezer galtzen probatzearren; pasatu Saioa karate klubetik, ez zaizue damutuko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak