BAZeko "ordutegi murrizketa" salatu du PSE-EEk

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urt. 11a, 15:22

Haren arabera, "errealitatetik urrun" dago hartutako erabakia, "murrizketarekin" herritar askok "ezin izango dutelako" zerbitzuetara jo; eztabaidaren bideari ekiteko eskatu dute.

Biztanleriaren Arreta Zerbitzuko (BAZ) bulegoaren ordutegia "murriztu" izana salatu du Arrasateko PSE-EEk, ohar baten bidez. "Sortu zenetik, duela hogei urte, jendaurreko ordutegia astelehenetik ostiralera 08:30etik 19:00etara zen, eta, larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara izan da". Hala ere, salatu dute urtarrilaren 1etik aurrera "asko murriztu" dela ordutegia. "EH Bilduren eta Podemosen udal gobernuak justifikatu egin du murrizketa herritarrei arreta hobea emango zaiela ziurtatuz".

Hain justu, Arrasateko Udalak urte hasierarekin batera iragarri zituen BAZen eginiko aldaketak. "Legearen, langileen eta erabilera beharrei erantzungo dien zerbitzu efiziente eta arina izateko" egin zituen aldaketak, eta, tartean zen ordutegia: astelehenetik egubakoitzera, 07:30etik 15:00etara, eguena eta zapatua izan ezik. Hain justu, eguenetan 07:30etik 18:00etara arteko ordutegia du; eta, zapatuetan, 09:00etatik 13:00etara.

"Aldebakarrez" hartutako erabakia

Sozialisten arabera, "errealitatetik urrun" dago aldaketa: "Argi dago, arratsaldeko txanda kenduta, ordutegi horrek asko zailtzen duela lan egiten duten pertsonek zerbitzua eskura izatea, astean behin izan ezik. Herritar askok ezin izango dute udala eskaintzen duen leihatila bakarrera jo udal izapideak egitera". Salatu dutenez, gobernu taldeak "bere kabuz" hartu du erabakia, aurrez taldeko politikoekin landu gabe. "Horrelako erabakiak inolako eztabaidarik gabe eta aldebakarrez hartzen direnean, ezin ditugu partekatu ez funtsa, ez forma".

Hori dela eta, "funtzionatzeko era berraztertu beharra" nabarmendu dute: "Guztion artean zerbitzuak hobetzeko eztabaida politikoaren bidea ekiteko eskatzen dugu, hori baita Arrasateko sozialistak batzen gaituen gauza bakarra. Gu beti egongo gara prest zerbitzu publikoak hobetzen laguntzeko, ez ezkutuko murrizketetan laguntzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak