Salba Dalmau: "Euskal Herriak epe luzera begirako plangintza behar du"

Hasier Larrea 2024ko urt. 12a, 09:23

Xalba Dalmau Biteri plazan, autoekoiztu duen liburua eskuetan duela.

Euskal gizartearen atzera begiratua egin du kaleratu berri duen liburuan, herri honen nortasunaren "altxorrak" geroa eraikitzeko baliagarriak izango direla konbentzituta.

Lanbidez bailarako hainbat kooperatibatan ingeniari izandakoa, erromeria eta kantu-bira giroan pertsona ezaguna da Salba Dalmau Arrese (Galdakao, 1946). Historiaz, eta bereziki Euskal Herrikoaz, asko irakurri du, eta jakintza hori guztia gaztelerazko Eziña Ekiñez Egiña. Lo imposible se logra insistiendo liburuan argitaratu du. Eskuz dendan, Ttukunen, Aterpe kafetegian eta Hiper Eroskiko Prentsa Txokoan dago salgai.

Zeintzuk dira zure ustez euskal gizarteak dauzkan arazo nagusiak?

Mundu hau indibidualizaziorantz daramate agintariek, eta horrek Euskal Herriaren amaiera besterik ezin du ekarri. Egia da gurean joera hori ez dela hain muturrekoa. Balio garrantzitsu ugari transmititu ditugu belaunaldiz belaunaldi, baina esango nuke arriskuan daudela.

Hain zuzen balio horiek zerrendatzen dituzu liburuan.

Euskara da bat, batasuna eman digulako. Komunitatea da beste bat, kooperatiben, ikastolen, koadrilen... egituratan islatzen dena. Langile arduratsuak ere izan gara betidanik. Mespretxuak mespretxu, emakumeek paper garrantzitsua jokatu izan dute, bereziki transmisioan. Arteak, hau da, kirola, folklorea edota jaia ere oso gureak ditugu; nik jaia mundura zabaltzeko bide bezala ulertzen dut, modu sanoan, drogekin nahastu barik. Gobernantza demokratikoa ere aipatzen dut, iraganean izan ditugun Foruei eta Nafar Erresumari erreferentzia egiteko; lurralde hau etorkinentzat erakargarria izan bada, familien arteko ezberdintasun ekonomikoak murritzak izan direlako da, besteak beste.

"MUGITU EGIN BEHAR GARA BELAUNALDIEN ARTEKO TRANSMISIOA GAUZATU NAHI BADUGU"

"Ezinezkoa" zirudien arren, Euskal Herriak bizirik iraun du. Zergatik?

Louis Charpentier idazle frantziarrak El misterio vasco liburuan azaltzen du euskaldunak gai izan direla duela 5.000 urtetik hona inbasio saiakera ezberdinei aurre egiteko. Ekialdeko estepetako tribuak, erromatarrak, bisigodoak, frankoak, arabiarrak, gaztelarrak, frantziarrak, Francoren diktadura... denetarik pasa da hemen, eta ez dugu nortasuna galdu, bizirauteko eta modernizatzeko gai izan garelako. Argi baldin badugu ze ezaugarri izan diren horretarako funtsezko, jar gaitezke ezaugarri horiek mende honetan lantzen, eta iraungo dugu hurrengo mendean ere.

Baikorra zara?

Epe laburreko begirada nagusitzen da gaur egun, eta horrela ez goaz inora. Enpresek zein alderdi politikoek lau urterako plangintzak egiten dituzte gehienez. Baina epe luzera begira pentsatzen hasten bagara, ziur aski ados jarriko garela bata eta bestea ze herrialde nahi dugun erabakitzeko orduan. Eta, modu horretan, aukerak egongo dira hartu beharreko bideetan ere bat egiteko. Proposatzen dudana da parte-hartze inklusiboan oinarritutako plangintza.

Euskararen eta demografiaren bilakaera kezkaz bizi dituzu?

Komunikabideek eta erakunde publikoek gure hizkuntzarekiko kontzientzia falta sustatzen dutenez, euskararen normalizazioa ez dago batere ziurtatuta. Modu bat etorkinekin poliki-poliki euskaraz egitea dela uste dut. Izan ere, gurean etorkinak dira jaiotze-tasa altuena dutenak. Badago joera bat "ez izan seme-alabarik, bizitza gozatzeko da" dioena. Nire ustez, diruz lagundu behar zaie bikoteei seme-alabak izan ditzaten. Bestela, gerta daiteke mende amaieran euskaldunik ez egotea.

Tira, has gaitezke ekintza xumeren batekin.

Belaunaldien arteko transmisioa gauzatzeko, mugitzea komeni da. Ipuinak, kantuak... ahoz aho kontatu! Portaloi kantu taldekook abestera irtengo gara gaur, 19:00etan, Portaloitik. Animatu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak