Mondragon, etorkizunera begira XI. Foroan

Miren Arregi Amasorrain 2023ko abe. 22a, 11:00

Orainari buruzko gogoetak eta etorkizuneko erronkei buruzkoak partekatu zituen Mondragonek Donostiako Kursaalean egin zuen XI. Foroan. 400 bat lagunek hartu zuten parte, eta tartean ziren kooperatibetako presidenteak eta gerenteak.

Mondragon etapa berri baten aurrean izenburupean egin zuen Mondragon Taldeak XI. Foroa joan den asteko eguenean, abenduaren 14an. Donostiako Kursaalean elkartu ziren 400 pertsona inguru eta kooperatiben etorkizuneko erronkak izan zituzten berbagai. Erakundeetako ordezkariak ere izan ziren, hala nola, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia.

Topaketak Mondragonen etorkizuneko lan-ildoak ezagutarazteko bidea eman zuen eta ekonomia arloko adituen hitzaldiak ere izan ziren. Besteak beste, Viralgeneko CEO eta Columbus Ven- ture Partners funtsaren sortzaile Javier Garcia Corrogok hartu zuten parte foroan, eta matematikari humanista gisa haren ikuspegia eta esperientzia eskaini zituen. Pedro Luis Uriartek, enpresa zuzendari eta ekonomian adituak, hainbat gomendio eman zizkien Mondragoneko ordezkariei; eta Xabier Marcetek, estrategian, berrikuntzan eta eraldaketan aditua denak, pentsatzearen garrantzia azpimarratu zuen, antolakundeetan lehiakorrak izateko funtsezko faktore gisa.

Oraina eta etorkizuna

Mondragonek berak ere izan zuen egoera ekonomikoaren eta etorkizuneko erronken inguruko hausnarketak partekatzeko tartea. Presidente Iñigo Ucinek azaldu zuen negozioek bilakaera positiboa izan dutela eta urtea ondo amaituko dutela. Aurreratu zuen Mondragon "proiektu korala" dela eta "aberastasuna sortzen eta modu justuan banatzen" jarraituko dutela.

Mondragoneko Gizarte Kudeaketako zuzendari Zigor Ezpeletak, bestalde, Mondragoneko Kontseilu Nagusiak eta Batzorde Iraunkorrak elkarrekin egindako hausnarketa jardunaldien ondorio nagusiak zerrendatu zituen. Sei eremu lantzea zehaztu dute: enpresa proiektu lehiakor eta agertoki berrietara egokitzeko gaitasuna izango dutenak eratzea; gobernantza aurreratua eta enpresa-demokrazia; pertsona konprometitu erantzunkideak eta legatuaren kontzientzia dutenak; lankidetza praktika; elkartasun eta lehiakortasun handiagoa; gizartea ausardiaz eta anbizioz eraldatzea eta helburu eta ondare ilusionagarriak. Topaketa bukatzeko, Kongresuko presidente Leire Mugerzak Mondragonen nortasun-ezaugarriak nabarmendu zituen, gizartean duten eragina handitzeko oinarri gisa. Pello Rodriguezi ere egin zion keinu, 2024ko abuztuaren 1etik aurrera Kontseilu Nagusiko presidente izango denari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak