Arturo Goikoetxea (Arrasate, 1946) urte askoan Gasteizko Santiago Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko buru izan zen. Orain, El dolor crónico no es para siempre liburua idatzi du, non min kronikoari buruz hitz egiten duen. Goikoetxeak uste du askotan diagnostiko okerra egiten dela eta justifikazio barik izaten diren min horiek sendatu egin daitezkeela, behar bezalako azalpenak ematen baldin badira.
Zein da min kronikoaren gaineko egoera euskal gizartean?
Ez dago estatistika zehatzik, baina Estatuan dagoen egoeraren antzekoa izango delakoan nago; %20k baino gehiagok jasaten dute, gutxi gorabehera, eta ziur nago portzentaje hori errealitatearen azpitik dagoela. Kezkagarriena, ordea, zifra hori hazten ari dela da. Gaur egun egoera horien aurrean egiten direnak, arazoa konpondu beharrean, areagotzen ari dela esango nuke, arazoa konpontzeko ematen diren gomendioek arazoa areagotzen dutelako.
Bostetik batek pairatzen du min kronikoa. Datu esanguratsuak dira horiek.
Ziur nago jende gehiago ere badela, baina askok arazoa normalizatu egiten dute; askotan, adinaren aitzakia erabiltzen dute horretarako, baina hori ez da horrela. Mina agertu beharko litzateke mina dagoen tokian arriskuren bat baldin balego, eta, sarritan, hori ez da horrela izaten. Probak egiten dira eta ezer ez dagoela esaten dizute. Beste arazoetako bat medikuak eurak izaten dira. Azken finean, eurei medikamentuak errezetatzen erakusten diete eta horixe egiten dute. Gainera, min kronikoa dagoenean baina horrek azalpen zehatzik ez duenean, medikuak errezetatutako medikamenduek bigarren mailako efektuak eragiten dituzte; hau da, egoerak hobera egin beharrean, okerrera egiten du.
Zeinek pairatzen du gehiago min kronikoa? Ba al dago adin tarte zehatzik?
Haurrengan 3 edo 4 urte dituztenetik hasi daiteke agertzen min kronikoa; aurretik ere gerta daitezke kasuak, baina, hitzekin gertatzen zaiena adierazteko gaitasunik ez dutenez, ezin dute azaldu. Gainontzean, 50 urte inguru dituzten pertsonen multzoan izaten da kasuen mailarik handiena, eta ohikoagoa izaten da emakumeengan. Halaber, ez da egia adinean aurrera eginda min kroniko hori areagotu egiten dela.
Aipatzen duzu min kronikoa zer den ez dela ondo azaltzen. Zein izango litzateke eman beharreko azalpen egokia?
Lehenik eta behin, mina dagoen tokian benetan zerbait dagoen edo ez aztertu beharra dago. Adibide bat jartzeagatik, eraikin batean alarma bat behin eta berriz joka hasten bada baina eraikinean ezer gertatu ez dela ikusten bada, sistemara edo oinarrira joan beharko da zer gertatzen den jakiteko. Horregatik, min kronikoaren kasuan, gaixoari min horren biologia zein den azaldu behar zaio; hau da, giza gorputzaren organismoak nola zaintzen eta babesten duen gure gorputza, jasotzen duen informazioaren arabera. Horri buruz adituek ematen dute behar den moduko azalpena.
Nola antzematen da min kronikoa duzula?
Mina dagoen tokian esplorazio bat egiten da, galderak egin, probak eskatu, eta, min hori azaltzen edo frogatzen duenik ez badago, diagnostikoa pazienteak berak egiten du. Hark esaten du non, nola eta zenbateko mina duen; nola areagotzen den min hori; eta ondoren, proba batzuk egiten dira, minbiziari lotutako kasua ez dela jakiteko. Orduan, diagnostikoa gaixoak berak egiten du; kontua da askotan profesionalek ez dutela gaixoek esaten diotena sinisten. Horregatik, min kronika duela esaten zaie.
Zeintzuk dira ematen diren tratamenduak? Eta zeintzuk izan beharko lirateke egokiak?
Egokiena egin behar ez dena ez egitea da. Sarritan, medikuek egin behar ez den hori egiten dute, eta medikamentuak edo ebakuntzak egiten dira, inolako justifikaziorik gabe. Okerrena da esatea min hori betirako dela, irtenbiderik ez duela, edo, kasu gogorrenetan, gaixoari esatea esajeratzen ari dela. Pertsonari min hori izatearen erruduna dela ere esaten zaio, edo medikuarengana berandu joan dela, eta, aholku moduan, erlaxatu beharra duela. Gu saiatzen gara gaixoa hartu eta aurretik aipatutako horien guztien pisua gainetik kentzen, biologiaren ikuspegitik justifikaziorik ez dutela erakusteko.
Noiztik hasi behar da min kronikoaren gainean dagoen ikuspegi hori aldatzen?
Txikitatik hasi behar da. Haurrek euren gorputza ziurgabetasuna sortzen duten egoeretarako prestatu beharra dute, eta horretarako dago jolasa; zaintzaile baten laguntzarekin, baina jolasa ekidin gabe. Gaur egun, jolasa asko mugatzen da, edo arrisku egoerak une oro saihesten dira, eta orduan, haurrak gehiegi babesten ditugu. Ez dugu onartzen haurrak gaizki egon daitezkeenik: eztula badu, medikuarengana; mina badu, medikuarengana... Ez diegu uzten euren organismoa bere horretan garatzen. Gizarte sozializatu batean bizi gara eta gizarte horrek egiten duen berdina egiteko presioa dugu. Batzuetan, onurak ekartzen ditu, baina, beste batzuetan, kalteak ere bai.
Zer falta da egiteko etorkizunera begira?
Faltan baino gehiago, soberan daude batzuk. Egun dagoen alarmismo horrek, kontrolpean izate horrek... gure organismoak egoera ezberdinetara moldatzeko duen gaitasun hori ezabatzen du eta ahuldu egiten du. Gainera, medikuen eta profesionalen laguntza izatera ohitzen dugu gure gorputza. Beraz, justifikaziorik gabeko min horren arazoaren aurrean dagoen alarmismo hori jaitsi beharra dago, pertsona bakoitzak bere burua kontrolatzeko aukera izan dezan.