Arrasate Musikalek 50. urteurrena borobiltzeko ekitaldi berezia egin du gaur eguerdian goraino bete den Uarkape Pilotalekuan; izan ere, Arrasate Musikaleko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du Ametsak betetzen izenburupean. Bertan elkartu dira orkestrako kide ohiak nahiz egungo kideak; denera ehun lagun baino gehiago egitaraua osatzen duten zortzi piezak eta propinako beste bi interpretatzen. Gainera, musikari horiek zuzentzen ere bi zuzendari gonbidatu dituzte: Beatriz Arzamendi eta Unai Urrecho. Azken biek omenaldi txiki bat jaso dute emanaldiaren amaieran.
Edorta Ayastuy da Arrasate Musikaleko ekintzen arduraduna eta antolatzaile lanetan aritzeaz gain, musikarien artean ere egon da tronpetarekin. 2022-2023 ikasturtean hasi ziren Arrasate Musikalen 50. urteurrena ospatzen eta ekintza ezberdinak egin dituzte azken hilabeteetan. Balorazio oso positiboa egin du: "Denera zazpi bat ekintza egin ditugu. Denetan jende pila etorri da. Musikarien erantzuna aparta izan da eta gaurkoa izan da sekulakoa. Gaurko kontzertuan emozio handia neukan neure barnean. Gainera, belaunaldi ezberdinetako musikariak elkartzea lortu dugu. Gainera, dena erantzun positiboa izan da; baita zuzendariarena ere. Guztia batuta hunkigarria izan da kontzertua".
Kide eta kide-ohiak elkarrekin
Luis Usatorre eta Olatz Amozarrain dira musikarien artean egon diren bi. Usatorre sorrera hartan bazegoen eta gaurko emanaldia oso "hunkigarria" iruditu zaio: "Jende guztiarekin berriro ere elkarrekin egotea. Kanpotik etorri da jende asko. Dagoeneko instrumenturik jotzen ez dutenak ere etorri dira; aurpegi berriak... Egia esan ederra izan da". Arrasate Musikalak musikarekiko egiten duen lana nabarmendu du Usatorrek: "Hemen 100 lagun elkartu gara, bi zuzendari eta denak arrasatearrak. Hau ez da hain erraza topatzen Euskal Herrian eta horrek sekulako meritua dauka. Herrian zehar zenbat musika talde dabiltzan lanean, eta gehiena Arrasate Musikaletik dator".
Olatz Amozarrainek duela urte askotatik dauka lotura Arrasate Musikalekin: "Orkestraren azken urtetan sartu nintzen. Arzamendi hil zenean orkestra desagertu zen, gero bandarekin jarraitu nuen eta orain errefortzu modura etortzen naiz deitzen didatenean". Atzo egin zuten lehen entsegu orokorra eta adierazi du 20 urte baino gehiago ikusi gabe zeuden taldekideekin elkartu direla: "Emozialki polita izan da. Gero, musikalki bi zuzendari goi-mailakoak eta neurria eman behar da. Ni emozionatuta egon naiz. Flauta eta flautina jotzen ditut eta negar eta putz; kontrolatu egin behar izan dut". Gainera, azpimarratu du munduak musika behar duela eta gaurko kontzertua bezalako "saltsa goxoak" behar dituela.
Hego Koreatik Arrasatera
Unai Urrechok Hego Koreako Suwon unibertsitateko orkestra zuzentzen du egun eta bera izan da gonbidatuetako bat. Musikan lehen urratsak Arrasate Musikalen eman zituen zortzi urterekin. Gogoan du garai hura: "Orduan azterketa moduko bat egiten zizuten. Juan Arzamendik zerbait jotzen zuen pianoarekin eta abestu egin behar zenuen, eta test hori pasa eta gero hasi nintzen solfeoa ikasten. Horri esker hemen gaude, musika egin dugu eta esan dezakedana da oso eskertuta nagoela Arrasate Musikalari". Egun zuzendaria dena tronboia jotzen hasi zen eta hasiera batean, uste zuen deia jaso zuzenean musikari moduan parte hartuko zuela.
Atzoko entseguan duela 25 urtetik ikusi gabeko lagunak ikusi zituen berriro ere. "Txikitako lagunak, solfeora batera joaten ginenak... Hunkigarria izan zen". Amaitzeko, eskerrak eman dizkie Arrasate Musikalari, hango zuzendari Marta Izagirreri eta Edorta Ayastuyri denak elkartzeagatik. Era berean, arrasatearrei deia egin die musika ikasi eta parte hartzeko halako ekintzetan.
Kontzertu "hunkigarria"
Emanaldiaren amaieran, Uarkapeko harmaila zutik jarri da eta txalo zaparrada jaso dute musikariek. Kontzertuaren ostean, GOIENAk izan du aukera zenbait ikusleren hitzak jasotzeko eta kontzertua "hunkingarria" izan dela azaldu dute. Lizarratik etorri den batek "zoragarria" izan dela adierazi du: "Oso polita izan da. Ez daukat ohiturarik halako kontzertuetara joateko, baina Lizarratik etorri gara honaino Arzamenditar baten adiskideak baikara. Uste nuena baino politagoa izan da, aipatu dute oso gutxitan entseatu dutela elkarrekin eta bikaina izan da".
Beste herritar bat emozioa azalean duela atera: "Bi zuzendarirekin ikaragarria izan da. Oso emozionatuta nago eta oso harro Arrasateko herriak hainbeste ematen diolako musikari, herriari... Eta mesedez, ezagutu gaitzatela horrelako ekintzengatik".