Minutu bateko isilunea gordeko dute Santamas krosean, 'Joshe'-ren omenez

Xabier Urtzelai 2023ko abe. 16a, 08:08

Argazkiak: Arrasate Atletiko Taldea eta Elorza sendia.

Atzo hil zen Jose Ignacio Elorza Gorosabel, 'Joshe', 72 urterekin. Hamarkada askotan Arrasateko atletismoaren sustatzaile, Arrasate Atletikoko lagunek minutu bateko isilunea gordeko dute domekan egingo duten Koadrilen Arteko Santamas Krosean.

"Galera handia da Arrasateko Atletiko Taldearendako, Joshe-k ekarpen handia egin duelako herrian, bai kirol mailan eta baita bestelako gizarte arlotan ere. Arrasate Atletiko Taldetik dolumin zintzoenak bidali nahi dizkiogu Elorza-Heriz familiari, baita Arrasateko familia atletiko osoari ere", adierazi dute klubetik.

Jose Ignacio Elorza 1969tik dago Arrasateko atletismora lotuta, klubetik gogorarazi duten moduan: "Arrasaten atletismoak izan duen sustatzaileetako bat izan da; urte hauetan guztietan atleta, entrenatzaile eta zuzendari izan da. Eskerrak eman nahi dizkiogu Joshe-ri, urte hauetan egin duen lanagatik, klubean egin duen ekarpenagatik eta irakatsi digun guztiagatik. Etorkizuneko belaunaldiei bere pasioa eta balioak transmititzen saiatuko gara".

Minutu bateko isilunea, domekan

Hain zuzen, bihar, domeka (12:30) Arrasate Atletiko Taldeak antolatzen duen Koadrilen Arteko Santamas krosean minutu bateko isilunea gordeko dute Elorzaren omenez. Arrasatearra urtero egoten zen antolatzaile lanetan bertan, edo klubarendako argazkiak egiten, horiek zirelako bere pasioetako bi, atletismoa eta argazkilaritza.

Gaur, zapatua, egingo dute Jose Ignacio Elorzaren aldeko hileta elizkizuna, San Juan Batailatzailea parrokian (19:00).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak