Inklusioa aintzat hartuta, Arrasateko eta Nikaraguako nortasuna ezagutzera eman guran

Txomin Madina Milikua 2023ko abe. 15a, 21:56

Activos por un Mundo Solidario elkarteak eta Arrasateko Garagunek bultzatutako Gure nortasuna ekimenak, Nikaraguako eta Arrasateko kulturen eta ohituren berri eman gura du argazkien bidez.

Kulturaniztasunak eta inklusioak bat egin dute gaur arratsaldean Arrasateko Kulturaten egin duten Gure Nortasuna izeneko proiektuaren aurkezpenean. Acitvos por un Mundo Solidario elkarteak eta Garagunek bultzatutako ekimenak Nikaraguako eta Arrasateko ohiturak eta kulturak ezagutzera ematea ditu helburu; eta hasieratik irudikatu dute hori, Carla Sanchez nikaraguarrak Palomita guasiruca izeneko dantza egin duenean, eta Lore Gazteak taldeko Martin eta Maddi Etxabek, aurreskua.

Toki bakoitzean, hamabi egoera

"Duela sei urte Nikaraguatik Arrasatera etorri nintzenean, semea eskolara bidaltzean ez nekien egun berezien arabera zela jantzi behar nuen, edo makila bat eraman behar zuenean zergatik zen. Horregatik, beti izan dut hemengo kulturari buruz gehiago jakiteko gogoa", azaldu du Activos por un Mundo Solidario elkarteko kide Isabel Medinak. Hortik abiatuta, eta Medinaren esanetan pertsona guztien parte-hartzeko eskubidearekin bat eginda, bai Nikaraguan eta baita Arrasaten ere tokiko kulturari erreferentzia egiten zion materiala sortzeko proposamena egin zieten bi talderi: "Arrasaten eta Nikaraguako Diriamba herrian, bakoitzean bertako kulturaren eta ohituren erakusgarri diren hamabi egoera aukeratzeko eskatu genien eta horiek argazkietan jaso".

Herriko beste kultur eta kirol eragileekin batera, Arrasateko Garaguneko kideak dira Ekaitz Zilarmendk argazkilariak ateratako argazki guztietan askotariko egoeratan agertzen direnak. “Zer irudikatu edo erakutsi nahi genuen erabakitzeko ideia-zaparrada egin genuen, eta azkenean batzuk kanpoan utzi behar izan dugu”, azaldu du Arrasateko Garaguneko arduradun Elena Zaratek . Hala, Arrasateri dagokionez, karapaixoa, errugbia, Maritxu Kajoi, trikitia eta panderoa, erraldoi eta zaldikoak… dira argazkietan jasotzen direnak. “Ideia proposatu diegun herriko talde eta norbanako guztiek baiezkoa eman digute eta argazkietarako eguna-eta jartzea konplikatua izan den arren, denek ere oso erraz jarri digute hasieratik”, gaineratzen du Zaratek.

Egutegiak

Gaur arratsaldean egindako ekitaldian, Arrasaten eta Nikaraguan ateratako argazkiak erakusteaz gain, Arrasateko argazkietan agertzen diren eragileen ordezkariei eta Garaguneko kideei argazki bat eman diete oroigarri moduan. 2024ko egutegi bat ere kaleratu dute ateratako argazkiekin. Santamas egunean Garagunek jarriko duen postuan egongo da eskuragarri, eta ekimenean parte hartu dutenekin harremanetan jarrita ere egongo da lortzeko aukera.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak