Herritarren ekarpenak jasoko dituzte terrazak arautzeko ordenantza egiteko

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko abe. 20a, 17:06

Arimazubi plazan hainbat terraza daude.

Udalbatzak aho batez onartu du bide publikoa terrazekin eta bestelako instalazioekin okupatzea arautuko duen ordenantza berria sortzea; bide horretan, lehen pausoa herritarren iritzia jasotzea izango da, eta bi hilabeteko epea irekiko dute horretarako.

Gaur-gaurkoz, Arrasaten ez dago terrazak arautzen dituen ordenantzarik. "Kale erabilerarako ordenantza badago, baina ez daude araututa terrazak. Irizpide batzuk badaude horretarako, baina ordenantzarik ez", azaldu du Kepa Urteagak, Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak Saileko zinegotziak.

Horri konponbidea eman gura dio Udal Gobernuak, "lehenbailehen" ordenantza bat sortuz. Hala, osoko bilkuran aho batez onartu ostean, ordenantza sortzeko bideari ekingo diote, eta lehen pausoa herritarren ekarpenak jasotzea izango da. "Bi hilabeteko kontsulta-epe bat zabalduko dugu, herritarrek ekarpenak egin ditzaten", dio Urteagak. BAZen edota Arrasate.eus-en egin ahal izango dira ekarpenak.

Epealdi hori bukatzean, aurreko Udal Gobernuak Aztikerrekin egindako lanketa ere aintzat hartuko dutela nabarmendu du Urteagak. "Akordiorik ez zen egon garai hartan, baina lanketa eginda dago eta berreskuratu egingo dugu. Modu horretan, saiatuko gara lanketa hori herritarren ekarpenekin osatzen eta ordenantza berria sortzen", gaineratu du.

Ordenantzaren "beharra" dago

Udal Gobernua uztaila ezkero ari da bizilagunekin eta hainbat ostalarirekin harremanetan, adostasunera heltzeko helburuarekin. "Argi daukagun gauza bakarra da guztiok ikusten dugula ordenantza baten beharra. Aurreko agintaldian, saiakerak egin arren, ez zen adostasunik lortu, baina horrek ez du esan nahi beste alde batera begiratu behar dugunik. Gure intentzioa da epe laburrean ordenantza hori martxan egotea".

Urteagak adierazi duenez, "zaila" da ordenantza batek pertsona jakin batzuen beharrak betetzea, baina herritar guztiak araudi baten baitan egotea "onuragarria" izango da herriarendako. "Guztiok joko-arau berak izango ditugu eta jakingo dugu zer dagoen araututa eta zer ez. Elkarbizitza da helburua eta horren alde egingo dugu".

2024an martxan izatea da asmoa

Urrats horiek egin ostean eta behin proiektua idatzita, alegazio-epe bat irekiko dute, eta, ondoren, osoko bilkuran onartu beharko dute berriro. "Epea ez da motza izango, baina ez dugu urtebete luzatzerik nahi, lehenbailehen egin gura dugu", azpimarratu du Urteagak. Modu horretan, 2024an bertan ordenantza martxan izatea da Udal Gobernuaren asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak