Fagor Herrigintza lankidetza programak 120.000 euro bideratuko ditu Euskal Herriko hiru proiektutara, gizarte eragileek euren egitasmoak abiaraz ditzaten. Horretarako, Fagor Taldeko bazkideen parte hartzea funtsezkoa izan da, eurek aukeratu baitituzte aurkeztutako gizarte proiektuen artean hiru. "Askotarikoak izan dira euren egitasmoak aurkeztu dituzte gizarte eragileak. Aberasgarria eta poztekoa da hori. Zoritxarrez Fagor Herrigintzak ezin ditzake guztiak lagundu, baina horrek ez du esan nahi gizarteari ekarpena egiten jarraitu ezin dezaketenik", azaldu du Aritz Otxandiano Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Haren arabera, "esangura handikoak" dira denak, "komunitatearentzat eta etorkizuneko erronkei behar moduko erantzuna emateko zereginarentzat".
Hain justu, Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak jaso du Fagor Herrigintzaren laguntza handiena: zehazki, 60.000 euro eman dizkio, Zestoan (Gipuzkoa) aurkeztu berri duten Amillubi Taupaka proiektuari laguntzeko. Horrez gain, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa ere dirulaguntza jasotzeko hautatu dute bazkideek, eta, beraz, 40.000 euro jasoko ditu desplazamenduetarako furgoneta egokitua eskuratzeko. Azkenik, Iñurri elkarteak jasoko du 20.000 euroko laguntza. Minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik diharduen elkartea da, eta jasotako diruarekin helburu izango dute 2024ko Min(bizi) topaketak antolatzea.
Iaz sorturiko programa
Fagor Taldeak azaldu duenez, Euskal Herrian sortutako ekimenak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko sortutako lankidetza programa da Fagor Herrigintza. Iaz egin zituen lehen urratsak, eta era horretan helburu dute "Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propioa eta berritzailea" ematea. Horretarako, gizarte eragileek euren proiektuak aurkeztu ohi dituzte eta Fagor Taldeko bazkideek hiru aukeratzen dituzte.