Mattin Aiestaran: "Irulegiko Eskua aurkitzean gure kulturako ikur bat sortu zen"

Julen Murua Mesonero 2023ko abe. 1a, 12:52

Mattin Aiestaran, Kulturaten, eguaztenean, Arrasate Zientzia Elkarteak antolatutako hitzaldiaren aurretik.

Eguaztenean eskaini zuen Mattin Aiestaran (Tolosa, 1991) arkeologoak Kulturaten Irulegi, bidaia arkeologo bat baskoien lurraldera hitzaldia. Hitzaldian jasotakoaren inguruan eta 2021. urtean aurkitu zuten Irulegiko Eskuak euskal kulturan, baina, batez ere, euskal herritarrengan izan zuen eraginaren inguruan mintzatu da Aiestaran GOIENArekin.

Zer kontatu zenuen hitzaldian?

Izenburuari kasu eginaz, bidaia arkeologiko bat da, beraz, bistan da, oro har, arkeologiaz mintzatu nintzela. Irulegi zer den azaldu nuen, eta bertako aztarnategia izan zuen ardatz, baskoien eremuaren bihotzean aurkitzen dena, eta baskoiak berak ere ardatz izan nituen; Burdin Aroaren amaierako baskoiak –erromatar garaiko lurralde administratibo baten izena ere izan zen, baina gu aritu ginen garai horren aurreko baskoiez–. Aipatu nuen, gainetik, Irulegin zer egiten dugun, zein ibilbide izan dugun eta nola den aztarnategi arkeologiko batean lan egitea, baita bertako aztarna nagusiak zeintzuk diren eta zer dakigun baskoiez ere. Hor tartean, bistan da, sartu nuen eskua, gaur egun arte izan dugun aztarna garrantzitsuena delako, baskoien inguruko informazioari dagokionez, eta hor sakondu genuen: eskuaren inguruan ditugun hipotesi linguistiko eta epigrafikoak zeintzuk diren esanaz. Horiek dira, oro har, hitzaldian landu genituen gaiak.

Zer lan egiten duzue Irulegin?

Edozein toki arkeologikotan egiten dugun lan bera. Lehendabizi identifikaziotik hasi ginen; tokian bertan, gazteluan, aritu ginen hamar urtez lanean. Ni 2017an sartu nintzen, eta 2018tik gabiltza, gaztelua amaituta, herrixkan lanean –gaztelua baino mila urte zaharragoa da–. Herrixka horren aztarnen ikerketan ari gara.

Eskua da Irulegiko aztarna esanguratsuena.

Bai, eskua bera da esanguratsuena; ikur bat bihurtu zen momentu hartan. Hori da berrikuntza nabarmenena suposatu duena baskoien gaineko jakintzaren egoera honetan. Guk bagenekien, aurretik agertu diren gauzengatik, aztarnategia oso garrantzitsua zela eta, batez ere, egiten ari ginen lanarekin historiografian hutsune bat betetzen ari ginela. Burdin Aroko baskoiez benetan gutxi dakigu; badirudi ikaragarri dakigula, baina ez da horrela. Beraz, ateratzen dugun informazio hori guztia beti da berrikuntza bat. Espero ez genuena da horrelako pieza bat ateratzea eta pieza horrek linguistikoki izan dituen esanahiak izatea. Horrek ekarri du azken urteotan egin beharreko lan mordoa eta iraultza txiki bat jakintza esparru honetan.

Zer ekarri zuen Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak?

Aurkitu genuen momentuan, egia esan, ezer gutxi, ez genekielako esku bat zenik ere. Momentu hartan beste edozein pieza arkeologiko bezala altxatu genuen bere lur eta guzti. Hori eta gero, nafar gobernuan entregatu genuen pieza bera, eta handik urte erdira esan ziguten pieza hori idatzita zegoela. Zaharberritzaileek brontzezko lamina hura garbitu zutenean ohartu ginen piezak zuen garrantzia zer-nolakoa zen. Hasiera batean berunezko, brontzezko edo burdinazko beste pieza bat bezala hartu genuen. Egia esan, bai ikusi genuen hau xafla mehe bat zela eta, orduan, zerbait berezia izan zitekeela, baina ez genekien ongi zer zen, eta horrela utzi genuen. Guk arreta jarri genuen indusketan eta agertzen ziren gainontzeko pieza guztietan. Itxaron egin genuen pieza hura zaharberritua izatera iritsi arte, gehiago jakin ahal izateko. Momentuan gutxi esan genezakeen, oso kontziente ginelako zientzialariok behar dugula gure lasaitasuna eta isiltasuna lana ongi egin ahal izateko, eta, batez ere, jendaurrera agertu behar ginenean, agerraldi hori egin behar genuela berme zientifiko batzuekin.

Espero zenuten horrelako harrera izatea?

Espero genuen, nolabait, gure jendarteko zati bat hunkituko zuela eta berri hori iritsiko zitzaiola, baina inola ere ez genuen espero modu honetara iristea. Are gutxiago espero genuen Irulegiko Eskuaren kontua nazioartean zabaltzea. Horrek erakusten digu nola gutxiesten ditugun gure kulturako zenbait elementu; kasu honetan, gure hizkuntza. Europarrek beraien ondaretzat ere baduten hizkuntza bat da, eta ikusten da nazioartean ere balio handia ematen diotela kontu honi, ez dela soilik etxeko gauza bat. Horrek ere asko poztu gintuen, noski.

Aurrerantzean horrelako ikur garrantzitsuren bat aurkitzea espero duzue?

Galdera hau egiten didatenean beti ekartzen dut gogora Joakin Gorrotxategik eta beste filologo batzuek esan zigutena: beraiek susmatzen zuten horrelako zerbait egon zitekeela; baskoiek bere garaian idatzi ahal izan zutela. Baina ez zuten pieza hori topatzen eta ez zuten uste inor horrelako pieza bat aurkitzeko gai izango zenik ere. Eta, halako batean, kontserbazio berezia duen aztarnategi honetan agertu zen pieza hori, Irulegin. Ikusten dugu ezinezkoak ziruditen gauza horiek ere egon daitezkeela lurpean, eta, bat baldin badago, beharbada gehiago ere egon daitezkeela. Orain arte uste genuen ezin zela aurkitu, ezinezkoa zela, baina orain uste dugu, eta ikusi dugu, posible den kontu bat dela. Beraz, guk bilatzen jarraituko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak