Fagor Taldeak 1,4 tona elikagai bildu ditu Zaporeak elkartearentzat

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko aza. 28a, 12:31

Zaporeak elkartearengandik jaso zuten eskaera, eta erantzuna "sekulakoa" izan dela azaldu du Otxandianok. Ez da, ordea, lehen elkarlana. Haren arabera, "unean uneko beharrei erantzuten" saiatzen da Fagor Taldea.

Elikagai bilketa egin dute Fagor Taldeak dituen kooperatibetan, Zaporeak elkarteak Lesboseko errefuxiatuen kanpamenduan duen "elikagai beharra arindu" nahian. 30 bilketa gune izan dituzte guztira, eta 1,4 tona elikagai bildu dira: arroza, pasta, lekalea, olioa eta esnea. "Zaporeak elkartearen eskaera jaso zuen Fagor Taldeak. Hutsik zituzten elikagai biltegiak. Euren aletxoa jartzeko eskaera egin zitzaien bazkideei, eta sekulako erantzuna eman dute. Pozik egoteko moduko erantzuna izan du elikagai bilketa kanpainak", adierazi du Aritz Otxandiano Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Hala ere, elkarlana ez da berria, 2022ko Fagor Herrigintza lankidetza programarekin hasi baitziren elkarrekin jardunean. Ordu hartan, 60.000 euroko laguntza eman zion Fagorrek Zaporeak elkarteari, baina ordutik izan dira elkarlan gehiago ere: esate baterako, Lesboseko sukaldea hobetzeko dohaintza egin zuen Fagor Professional kooperatibak udan. "Fagor Herrigintza lankidetza programak horretarako bide ere ematen du. Hari esker, eragile desberdinak eta haien gizarte jarduna ezagutu dezake Fagor Taldeak, eta, kasu batzuetan, elkarlanerako bideak aztertu", azpimarratu du Otxandianok.

Gizarte proiektu gehiago

Zaporeak elkartearekin ez ezik, bestelako gizarteko proiektuekin ere lanean dihardu Fagor Taldeak. Hain justu, azaldu dutenez, Palestinako "haurren egoera arintzen laguntzeko" diru bilketa egin dute Unicefekin batera. Horrez gain, adimen artifizialak euskaraz ere egin dezan, Gaitu ekimenean ekarpena egiten ari da taldea, Fagorrek 10.000 baietz erronkarekin; zehazki, euskarazko 10.000 esaldiren grabazioak biltzea da helburua. Izan ere, Otxandiok nabarmendu du askotarikoak direla abian jarritako ekimenak. "Unean uneko beharrak eta gizarte eragileen eskaerak aztertuta, elkarlanerako bideak eraikitzeko eta komunitatearen alde segitzeko konbikzioz dihardu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak