"Intsektu txiki nekaezinak" batu dira bart Arrasaten, minbiziari ahotsa jartzen dioten iñurrikideak. Badira eta bizpahiru urte Julene Illarramendik eta Miren Cuerdok Izan Iñurri egitasmoa sortu zutela. Lasartetik Euskal Herri osora egin dute jauzi ziztu bizian, sare sozialen bitartez ezagutaraziz eta jendaurreko ikuskizunak antolatuz. Horietako bat da Gari Otamendik eta Ixak Arrutik gitarra eta biolinaz laguntzen duten bertso saioa. Emakume bertsolariekin batera, minbizia duten edo pasa duten emakumeek hartzen dute oholtza. Norbere bizipenak kontatuta, gaixotasunaren tabua apurtzen dute modurik onenean.
Iñurrikide horietako bat da Mari Seara debarra, eta elkartera nolatan batu zen azaldu dio Goienari: "Iñurriren ekitaldi batera joan nintzen lehenengo aldian iruditu zitzaidan nik bilatzen nuen ikuspuntua ematen zutela. Minbizia pasa nuenean ezkutuko zerbait bezala tratatzen zen, oro har, ez zen gaiari buruz hitz egin nahi. Eta iñurrikideek buelta ematen diote horri; adibidez, bularra kendu zidatenean ez zidaten bularrik gabe bizi nintekeela planteatu, eta protesi bat jarri zidaten. Ezagutu nituen bularrik gabe indarrez bizi ziren inurri ausartak, eta niretzat tabu bat puskatzea izan zen. Hemen gaude eta ondo bizi gaitezke!".
Duintasunez bizitzea da iñurrikideen helburu nagusia: "Gure leloa da Txarra kenduta ondo, eta Hil arte bizi. Heriotzaren gaia ere hor baitago, baina bizi gara, minbizia daukagunean bizi gara".
Kolaboratzaile askoren laguntzaz lortzen dute gaiari ikusgarritasuna emateko arropak eta bestelakoak ateratzea ere. Esaterako, 2024ko egutegia laster kaleratuko dute.
Ahalduntzearen garrantzia
Lan horren ikuspegiari eman dio balioa Emakume Txokoko Ester Lizarraldek: "Iñurri elkartean egiten dutena oso interesgarria da, feminista eta eraldatzailea. Ahotsa jartzen diete minbizia izan duten eta duten pertsonei, bereziki emakumeei. Hauen ahalduntzean, tabutik eta estigmatik ateratzeko egiten duten lana oso interesgarria da benetan".