Ines Osinaga Arrasateko musikaria kide den Mauriziak Ez Du Inor Hil taldeak eskuratu zuen iaz AEK-k eta Korrikak bultzatutako sormen beka. "Badon proiektua gauzatzeko lehenengo gasolina txutea izan zen beka hori, bai diru aldetik eta baita aitortza aldetik ere; guk buruan genuen zorakeria hori, hau da, euskal kulturaren plaza genealogiaren inguruko kritika feminista bat, hackeo bat etorkizun desiragarriekin espekulatuz eta euskal kulturaren asteriskoak, hau da, nor gara, zer gara gu... mahai gainean jarrita, plaza ez delako neutroa eta kultur transmisioan ere botere harremanak islatzen direlako, bada, guzti horren inguruko hausnarketa bat planteatu genuen", kontatu du Ines Osinagak.
Mauriziak Ez Du Inor Hil taldeak ekoiztu du obra sorkuntza bidean askotariko emakume* batuta. Azaroaren 23an, Azpeitiko Soreasu antzokian egin zuten aurre-estreinaldia eta abenduaren 1ean abiatuko dute Gasteizko Principal antzokian, Korrikaren baitan, Euskal Herriko txoko ezberdinetan zehar egingo duten bira. Debagoienean, oraingoz, emanaldi bakarra iragarri dute martxoaren 3an, Amaia antzokian eskainiko dutena.
Sorkuntza, bi zatitan
Orain dela bi urte hasi ziren lanean, espekulazio fasearekin. "Emakume* euskaldunen artean euskal kultura deritzogun horren inguruko hausnarketa kolektibizatu genuen Euskal Kulturaren Ikerketarako Fikziozko Ikerketa Taldea sortuta. Lau erresidentzia egin genituen Tipik kooperatibak dinamizatuta eta 30 lagunetik gora saretu ginen hor. Saio horietan ateratako ondorioekin abiatu genuen, orain dela urtebete, Prototipazio fasea hausnarketa edo ondorio horiek agertoki gainera nola eraman lantzeko. Marina Suarezek eta biok hartu genuen proiektua lideratzeko ardura rolak banatuta: Marinak alderdi artistikoa eta produkzio tekniko-exekutiboan aritu naiz ni, musika departamentuko zuzendaritza taldean ere banago eta taularen gainean ere izango naiz". Osinagaz gainera, Debagoieneko beste artista bat ere bada Badon-en lantaldean; izan ere, Amaia Castañeda oñatiarra da zuzendari laguntzailea eta baita ekoizpen teknikoko arduraduna ere.
Osinagak kontatu moduan, lantaldeak argi zuen hasieratik, diziplina arteko ikuskizuna izan behar zuela. "Hau da, ez zela izango antzezlan bat, baina dramaturgia egongo zela, ez zela izango kontzertu bat, baina musikak izan behar zuela lekua, eta baita irudiek, arte plastikoek eta dantzak ere. Kultura erreferentzia ezberdinak egon behar zirela ikusten genuen operak hitzak eman zigun argia".
Opera postdramatikoa
Genealogiaren eta kultura transmisioaren gaineko begirada kritiko bat eskaintzeko gogoz sortu dute opera postdramatiko moduan definitu duten ikuskizuna. Bost koadrotan edo aktotan banatuta dago: Unibertsoaren sorrera eta kosmosa, Landareen erreinua, Animalien erreinua, Gizakien mundua eta Mundu espirituala izenekoak. "Koloreen inguruan eratu dugu dramaturgia guztia. Kolore bakoitza mundu bat da eta kolore batek beste batera zaramatza, hortaz, Badon-en proposatzen duguna, bidaia bat da, ikusleekin partekatu nahi duguna; izan ere, publikoa, ikusle soila baino gehiago izatea da gure nahia, bakoitzak erabakiko du zer egin Badon-en parte izateko".
25 lagunetik gorako lantaldea
Profil ezberdineko emakume* asko batu dira Badon proiektura. "Fantasia bat iruditzen zait konpainia eszeniko munstro bat izan barik gai izan garela sortzaile lantalde potente bat artikulatzeko; hori da, niretzako, Badon-en altxorra", dio Ines Osinagak.