Punk-ak eta emozioak bat egin dute Jesusi Etxebarriari egindako omenaldian

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko aza. 18a, 19:10

Jesusi Etxebarriak 50 urte egin ditu musika erakusten eta omenaldia egin zioten atzo Amaia antzokian, Perlata taldearen 'Punkaren beste aldea' dokumentala estreinatzearekin batera. Noski, musika ez zen falta izan ekitaldian.

Jesusi Etxebarria zein den eta Arrasaten musikaren bueltan egin duen lana erakusten du Arrasateko Perlata taldeak Bergarako The Badass Project proiektuarekin batera egindako Punkaren beste aldea dokumentalak. Egubakoitz iluntzean estreinatu zuten Amaia antzokian eta egun duen aforoa bete egin zen, 400 bat sarrera banatu zituzten.

Ikusleen artean zegoen Jesusi ere; ahizpen elkartu zen emanaldia hasi baino ordu laurden lehenago, elkarrekin joateko. Bere ikasle izandako asko, musikariak eta bere lagun ugari zeuden joandakoen artean, eta guztien artean ikusi zuten, estreinakoz, dokumentala. Emozionatu egin zela aitortu zuen Jesusik ekitaldiaren amaieran: "Oso polita izan da. 50 urte egin ditut musika erakusten baina ohartu barik pasa zaizkit. Horietako batzuk ikusi ditut dokumentalean, bai. Solfeoa aspergarria egiten zitzaiela esan zidaten eta nik zenbakiak erabilita prestatzen nizkien partiturak, eurek musika jo zezaten. RIP eta horrelako taldearenak izaten ziren asko. Niri punk musika asko gustatzen zait".

Eta hain zuzen ere, RIP taldearen Enamorado de la muerte kantua abestu zioten bere etxekoek, ahizpek, Txerra Bolinaga bere lehengusuak gitarrarekin musika eginda. Abestiaren letra, hori bat, moldatu egin zuten eta "Enamorada de la musica" mezua zen zabaldu zutena. Xalbadorren heriotzean kantua ere entzun zen, letra Jesusi Etxebarria omentzeko aldatuta: "Jesusi Etxebarria aingeruaren disdira bihotzetik herrira". Perlata taldeak, berriz, Jesusi izeneko kanta abestu zuen eta Goikobaluk, berriz, Etxebarriari horrenbeste gustatzen zion Xabier Leteren Habanera eta Mondra kantua, musikari arrasatear askoren ereserkia.

Musikarekiko pasioa eta egiteko bidea

Dokumentalean kontatzen du Jesusi Etxebarriak aita eta izeba bat zituztela etxean musika zaleak, eta aitari kasu eginda hasi zela musika ikasten. Solfeoa eta pianoa jotzen ikasi zituen lehenik. "Arizmendiarrietarangana joaten nintzen konfesatzera, eta berak esan zidan musika eskolak ematen hasi behar nintzela. Nik ezetz, eta egun batean bere iloba bat etorri zen niregana musika ikasi gura zuela esanez. Nere lehen ikaslea izan zen. Harrez gero mordoa izan ditut; 62an hasi nintzen erakusten. Txistua ikastea gura zutela esan zidaten behin, eta Demetrio Iriarterengana joan nintzen ikastea, nik gero gazteei erakusteko. Gitarra elektrikoa ikasi gura zuten batzuk, eta Donostiara joan nintzen hiru urtez ikastera; baxua jotzen ere han ikasi nuen".

Kantuak nola jo erakusteaz gain, musikarako bidea eta bakoitzak gura duena egin behar duen mezua zabaldu diela adierazi dute bere ikasle izandako askok, eta horixe nabarmendu, hark musikarekin duen "pasioaz" gain.

Durangon ikusgai dokumentala

Durangoko azokaren barruan, Irudienean, eskainiko dute Punkaren beste aldea dokumentala, abenduaren 9an. Herri mugimenduko hainbat taldek, kultura aretok eta udalek ere agertu ei dute interesa dokumentala eskaintzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak